Herriko Mapa Morea osatzeko bilera irekiak hasiko dituzte asteartean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 15a, 09:00
Miren Vives Project Urbes enpresako arkitektoa eta Gloria Vazquez Bedintasun zinegotzia bilera irekiak iragartzeko kartela mahaiaren erdian dela. (Jabi Gonzlez Toston)

Etxezabala aretoan jarri dute hitzordua 18:30ean eta helburua da genero ikuspuntutik hiriko puntu arriskutsuak zein egokiak identifikatzea, segurtasun, zaintza edota irisgarritasun aldetik.

Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak joan den azaroan abiatu zuen herriko Mapa Morea osatzeko prozesua. Project Urbes enpresarekin ari da lanketa egiten eta aurrera egiten jarraitzeko herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte. Horregatik, prozesu parte hartzailea zabaldu eta bilera irekiak deitu dituzte. Hilaren 17an eta 24an, astearteak, egingo dituzte, baina 31rako ere aurreikusten dute hirugarren bat.

Bilera horien helburua da herritarrek adieraztea Zarauzko zein puntutan sentitzen duten segurtasun gutxien, zein eremu zaizkien irisgarritasun aldetik desegokienak edota zaintza lanak zailtzen dituztenak. Kontrara, aipatutako alorretan puntu egokienak zein diren ere identifikatu nahi dituzte herriko bizilagunen laguntzarekin.

Guzti hori "betaurreko moreak jantzita", genero ikuspuntutik, egin asmo dutela zehaztu du Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak; izan ere, 2013an osatu zuten Puntu Beltzen Mapari jarraipena emango dio Zarauzko Mapa More berriak, baina ildo gehiagotara zabalduta eta orduko lana eguneratuta. Zentzu horretan, zinegotziak esan du "beste herri bat" dela gaur egungo Zarautz.

Horrez gain, zaintza arloa mapan txertatzeak duen garrantzia ere azpimarratu du Vazquezek: "Teorian guztioi eragiten digu zaintzak, baina praktikan emakume gehiago dira ardura hori berengan hartzen dutenak. Horregatik, beharrezkoa iruditu zaigu Mapa Morean zaintza ere aintzat hartzea, genero ikuspegitik landuko baita. Edonola ere, argi dugu ardura gizonena ere badela eta haiei zabaltzen jarraitu beharra dago. Beraz, gizonei ere egiten diegu bilera irekietan parte hartzeko deia".

Azken horren harira, Mapa Morea osatzeko lanak gidatzen ari den Project Urbes enpresako Miren Vives arkitektoak herritarrek prozesu parte hartzailean parte hartu eta ekarpenak egitearen beharra nabarmendu du: "Ez ditugu hirigintzan adituak behar, baizik eta herrian bizitzen arituak". Zentzu horretan, arkitektoak arrazoitu du herritarrak direnez egunero kalean ibiltzen direnak eurek dakitela inork baino hobe zien diren dauden gabeziak.

Prozesua urratzez urrats

Hain justu, hobetu beharreko puntuak identifikatzea izango da astearteko lehen bilera irekiko xede nagusia. Vivesek azaldu duenez, "errazagoa izan ohi da akatsak aurkitzea, alde negatiboak. Ondorioz, hori izango da abiapuntua. Lanketa bakarka eta taldetxotan egingo dugu puntu desegokienak zein diren eta dituzten ezaugarriak aztertzeko. Astebetera egingo dugun bileran, berriz, kontrakoa egingo dugu. Hau da, eremu egokiei erreparatuko diegu. Amaitzeko, landutakoa laburbiltzeko hirugarren hitzordu bat jarri nahiko genuke, baina parte hartzaileekin adostuko dugu hori".

Zehaztu beharra dago, halaber, prozesu parte hartzailearen barruan, bilerak ez ezik herritarrek etxetik erantzun ahalko duten galdetegi digitala ere prestatu dutela: "Bizpahiru astetan egongo da galdetegia herritarren eskura" zehaztu du Projecta Urbeko kideak.

Horrez gain, eragileekin ere egingo dituzte bilerak "prozesu paraleloan" Vivesen hitzetan. Berdintasun kontseiluarekin, esaterako, datozen hiru asteazkenetan batzartuko dira eta teknikariekin ostiraletan. Gauzak horrela, urtarrila amaitzeko falta diren hiru asteetan informazioa bildu eta lantzen hasteko bilerak egingo dituzte, eta otsailean hartu beharreko neurrien lanketa egingo dute. Hil horretan bertan zirriborroa aurkeztuko diete udaleko alderdiei proposamenekin, hauek ere ekarpenak egiteko aukera izan dezaten. Bi asteko epea izango dute horretarako.

Nolanahi ere, prozesua amaitu aurretik bilera irekietan parte hartu duten herritarrek izango dute azken ekarpenak egiteko beta; izan ere, ekitaldi berezi bat prestatu dutela jakinarazi du Vivesek: "Aipatu eta landutako puntuetatik pasatuko den ibilaldia egingo dugu martxoaren 11ean, bertatik bertara azaltzeko zein izango diren hartuko ditugun neurriak. Oso jarduera eraginkorra izaten da, herritarrek beti  izaten dituztelako ideia berriak".

Parekidetasun Planarekin aurrera

Udalbatzak onartutako IV. Parekidetasun Planean jasotako 98 ekintzetako bat da Mapa Morea, martxan jarri duten lehenengoa, baina bigarrenarekin ere ari dira; izan ere, berdintasun ordenantza eguneratzeko prozesua ere abiatu dute. Zentzu horretan, Berdintasun zinegotziak zehaztu du Elhuyarri esleitu diotela lan horretarako ardura eta datorren astean izango dutela lehenengo bilera.