Judo Klub Lizardik lau domina eskuratu ditu Espainiako Junior Kopan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 16a, 11:50

Biefarren jokatutako Espainiako Junior Judo Txapelketan parte hartu duten Judo Lizardi Klubeko kirolariak. (Utzitakoa)

Biefarren (Huesca, Espainia) izan dira taldeko zortzi kirolari asteburuan, eta lan txukuna egin dute "maila altukoa" izan den txapelketan.

Urrearekin eta brontzezko beste hiru dominarekin itzuli dira Biefarretik (Huesca, Espainia), asteburuan Judoko Espainiako Junior Kopan parte hartu duten Judo Klub Lizardiko zortzi ordezkariak. Gauzak horrela, gustura agertu da kluba "maila altuko txapelketan" lortutako emaitzekin.

Launa neska eta mutil aritu dira lehian, eta lehenengoek lortu dituzte emaitza onenak; izan ere, klubak orotara eskuratu dituen lau dominetatik hiru neskek etxeratu dituzte: Naiara Villasantek urrea 70 kilotik beherako kategorian, eta Eva Manzanasek eta Nahia Arregik brontzea, 48 eta 63 kilo azpikoetan, hurrenez hurren. Horrez gain, Nora Mendibek ohorezko bosgarren postua lortu du 52 kilotik beherako kategorian.

Mutiletan, berriz, Aritz Austingek soilik lortu du brontzezko domina jartzea. 100 kilotik beherako kategorian egin du. Harekin batera, Unax Mendezek, Xabier Aginagak eta Shalva Jhokadzek ere hartu dute parte txapelketan, 60, 66 eta 81 kilo azpikoetan, baina guztiak kaleratuak izan dira.