'Aftersun' filma eskainiko dute gaur jatorrizko hizkuntzan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 17a, 09:30

Charlotte Wells zinegilearen lehen lan luzea da eta harrera ezin hobea egin dio zine-kritikak. Halaber, Paul Mescal aktorearen lana ere goraipatu dute.

Zine-kritikari askorentzat joan den 2022ko film onena izan dena emango dute gaur iluntzean Modelo aretoan: Aftersun. 20:30ean hasiko den saio originalean izango da ikusgai. Bestela esanda, jatorrizko bertsioan eskainiko dute drama britainarra.

Esan bezala, kritika bikainak jaso ditu ikus-entzunezkoak. Horren erakusle da New Yorkeko Kritikarien Zirkuluak opera prima onena izendatu duela, esaterako. Horrez gain, Paul Mescal aktorearen antzezpena ere nabarmendu dute. Calum gorpuztu du Mescalek, Sophieren aita izango den pertsonaia. Hain justu, aita-alaben arteko harremanean dago filmaren funtsa. Duela 20 urte aitarekin egindako bidaiaz hausnartuko du Sophiek eta ariketa horretan benetako eta irudizko oroitzapenek irudien arteko espazioak beteko dituzte.