Azken egunak dira inauterietako kartel lehiaketarako lanak aurkezteko

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 17a, 12:00
2019ko inauteriak. (Zarauzko Hitza)

Datorren astelehenean amaituko da diseinuak bidaltzeko epea. Hiru sari izango dira eta otsailean, mozorro-jaiaren aurretik, zehaztuko dituzte irabazleak.

Hilabete eskas baino ez da falta inauterietarako, otsailaren 17tik 19ra bitartean ospatuko dituzte aurten eta festa iragarriko duen kartela zehazteko lehiaketa ere azken txanpan sartu da. Hilaren 23an, datorren astelehena, itxiko dute proposamenak aurkezteko epea.

Gauzak horrela, antolatzaileek (Euskalduna taberna eta Zarauzko Udala) gogorarazi dute Euskalduna Tabernara edo Turismo Bulegora eraman behar dituztela diseinuak interesdunek oinarrietan zehaztutako formatuan. Sarituak noiz jakinaraziko dituzten oraindik zehazteke dago, baina otsaileko bigarren astean egitea aurreikusten da.

Jakina dena da hiru sari izango direla: lehenengoa, 300 eurokoa; bigarrena, 100 eurokoa, eta hirugarrena, publikoaren saria, bi lagunentzako afaria. Azken hori, otsailaren 1etik aurrera Facebooken egingo den bozketan hautatuko dute herritarrek. Otsailaren 8ko 12:00 arte bozkatu ahalko da.