Alboko herrian aitortza jaso dute Talai Berri upategiko Bixente Eizagirrek eta Santarba upategiko Inaxio Manterolak

Onintza Lete Arrieta 2023ko urt. 17a, 18:05

San Anton egunez egin ohi den txakolin uzta berriaren aurkezpenean omendu ditu Getariako Txakolina sor-markak Balentziaga Museoan egin duten ekitaldian. Frontoian egiten den dastaketaz gozatu dute gero.

Urtarrilak 17 ditu gaur, San Anton eguna. Egun handia da Getarian, txakolin uzta berria aurkezten delako gaurko egunez. Getariako Txakolina sor-markako hogeitik gora upategik jarri dute postua frontoiko karpan, eta zabaldu orduko bete da. Berdin izan dio gaurko euria, haizea eta hotza iragarrita egoteak. Goizuetatik, Bergaratik, Azkoititik... Euskal Herriko txoko askotatik iritsi dira txakolinzaleak Getariara.

Ohi bezala, Andoni Egañaren eta Sebastian Lizasoren bertso saio biziak eman dio hasiera dastaketari, baina ekitaldi instituzionala ez da karpan egin aurtengoan, Balentziaga Museoan baizik.

12:00etan hasi da ekitaldia, eta bizia izan da, egoki uztartu dituena sari banaketa, txakolin dastaketa eta arte adierazpena. Aurkezleak errezitaldi batekin hasi du saioa, margolari batek gonbidatu guztien aurrean mural bat margotzeari ekin dion bitartean, eta txalaparta doinuak ere entzun dira ekitaldiaren une batean. 

Aurtengo omenduak zein ziren jakina zen, eta oholtzara igo dira banan-banan aitortza jasotzera Zarauzko Talai Berri upategiko Bixente Eizagirre eta Santarba upategiko Inaxio Manterola, Getariako Gañeta upategiko Julian Ostolaza, eta Arrasateko Kataide upategiko Javier Arregi. Azken horrek ezin izan du ekitaldian parte hartu, eta haren alabak jaso du oroigarria. Mahasti Jaun saria, berriz, Donostiako Pintxoaren Institutuak jaso du, eta Juan Manuel Garmendia eta Patxi Bergara igo dira oholtzara erakundearen izenean. Sariagatik eskerrak eman dituzte, eta azpimarratu dute beraientzat txakolinak garrantzia eta egokitasun handia duela pintxoekin lan egiteko. 

Ekitaldian izan dira herriko agintariak eta zinegotziak, Haritz Alberdi alkatea buru, baita Javier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun diputatua eta Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikarako sailburuordea ere. Azken horrek hartu du hitza ekitaldian, eta lau omenduentzat izan ditu aurreneko hitzak: "Euskadin proiektu oso gutxi egongo dira hain urte gutxitan halako bilakaera izan dutenak, eta izan duten bilakaera hori guztia hein handi batean zuen lanari esker izan da", nabarmendu du. Horregatik, garrantzitsua iritzi dio halako aitortzak egiteari. 

Getariako Txakolina sor-markarentzat izan ditu hurrengo hitzak, esportazioen gorakadari lotuta, %30 igo baitira horiek azken urtebetean, sor-markak emandako datuen arabera: "Gaur egun Euskadiko produktu aitortuena izango da atzerrian; esportazioak hazten ari dira oso merkatu zailetara, eta sekulako meritua duzue ardoarena bezalako merkatu konplikatuan hain ondo posizionatzeagatik. Uste dut proiektu eta produktu hau oso berezia dela, eta oso ondo egokitzen dela gaur egun kontsumitzaileak eskatzen duen horretara. Lur bati, lurralde bati eta gastronomia bati lotua dago". 

Ekitaldia amaitzeko, gonbidatu guztiek txakolin dastaketa egin dute Mikel Garaizabal sommelierrak gidatuta. Haren esanetan, 2022ko uztako mahatsa ohi baino txikiagoa izan da eguraldi lehorragatik ur gutxiago hartu duelako, eta mesede egin dio.

Gaurkoan Hitzak ez du inkestarik egin txakolinzaleak iritzi berekoak diren jakiteko, baina haien aurpegietan erreparatuta, ziurra da uzta berria ondo sartu dela.