"Aurten izango naiz, eta hurrengo urtera begira, hamabi hilabete izango ditut zer egin pentsatzeko"

Erredakzioa 2023ko urt. 19a, 09:00
Iosu Odriozola 'Ponpi'.

Hainbat eta hainbat dira Azpeititik kanpo bizi diren baina San Sebastian bezperan hutsik egin gabe sorterrira itzultzen direnak danborra jotzera. Horietako bat da Zarauzko bizilagun Iosu Odriozola Ponpi.

Iosu Odriozola Ponpi landetarrak 40 urte baino gehiago daramatza Zarautzen bizitzen, eta urtero-urtero egiten du Zarautz eta Azpeitia arteko bidea San Sebastian bezperan. Landeta-Egizale taldetik atera izan da beti danborradan: "Baserritar blusa normal bat erabiltzen genuen hastapenetan, eta, gero, jantzia berritu genuen; gaur egun soinean izaten dugun txalekoa erabiltzen hasi ginen, 2005 urtean edo".

Erretiroa hartuta badago ere, lan egiten zuen sasoian ere ez zuen arazorik izan bezperako afarira joateko. "Jai eskatu behar bazen, jai eskatu eta Azpeitira joaten ginen anaia eta biok, hura ere Zarautzen bizi zen eta. Urte askotan, gainera, umeen danborradako karroza eraman behar izaten genuen elkarteko kideok, eta egun hori ere jai hartutakoak gara askotan", esan du Odriozolak.

Sansebastianak asko gozatutakoa da Odriozola: "Danborrada ikaragarria da. Sortzen den giroa ezin da hitzez adierazi. Gaztetatik bizi izan dut emozioz". Danborradan irteten noiz arte jarraituko duen galdetuta, ez du erantzun zehatzik eman. "Ikusiko dugu. Nire adineko kide denek utzi diote ateratzeari, bakarrik utzi naute. Baina aurten izango naiz, eta hurrengo urtera begira, hamabi hilabete izango ditut zer egin pentsatzeko. Gainera, gazteak ilaran bultzaka izango ditu, beharbada, eta...", dio barrez.