Gurasoak eta gazteak gai ezberdinetan trebatzeko saioak antolatu ditu Zarautz Herri Hezitzaileak

Aritz Mutiozabal 2023ko urt. 21a, 10:00
Treba ekimeneko hitzaldi eta tailerren aurkezpenean, Zarautz Herri Hezitzaileko kideak. (Aritz Mutiozabal)

Otsailetik apirilera bost hitzaldi-tailer eskainiko dituzte Etxezabalan eta Gaztelekuan; horietatik hiru gurasoei zuzenduta, eta bi gazteei. Lehena Seme-alaben autoestimua elikatzen solasaldia izango da otsailaren 1ean, Nerea Mendizabalen eskutik.

Zarautz Herri Hezitzailea lantaldeak doako hainbat hitzaldi eta tailer antolatu ditu datozen hilabeteetarako, herriko gurasoak zein gazteak puri-purian dauden gaietan trebatzeko asmoz. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak sustatutako Treba ekimenaren barruan kokatzen den eskaintza da, eta bi multzotan banatuko dute. Alde batetik, bigarren urtez egingo den Treba Gurasoak egin dute, gurasotasun positiboan oinarritutako saio pedagogikoak, eta, bestetik, Treba Gazteak, gazte eta nerabeei zuzendutakoak.

Gurasoentzat hiru saio eskainiko dituzte, eta hirurak Etxezabalako aretoan izango dira, 18:00etatik aurrera, euskara hutsean. Lehena otsailaren 1ean izango da, eta Nerea Mendizabalek Seme-alaben autoestimua elikatzen hitzaldia eskainiko du; urtarrilaren 26a bitartean eman ahalko da izena. Otsailaren 8an eta 15ean, Zer egin dezakegu gure haur eta nerabeek sexualitate aske eta osasuntsua izan dezaten? tailerra izango da, Eider Goibururen eskutik. Azkenik, apirilaren 19an, Arauak eta mugak familian. Nola ezarri era asertibo batean hitzaldia emango du Leyre Canok.

Gazteentzat, berriz, hitzaldi eta tailer bana antolatu dituzte, eta 16-30 urte bitartekoei zuzenduriko proposamenak izango dira. Otsailaren 22an,  Argazkilaritza: Ispilua tailerra emango dute  Gaztelekuan,  Ido Photographyk gidatuta, eta martxoaren 21ean, Autonomiarako etxeko ekonomia hitzaldia izango da Etxezabalan, Kontsumobideren eskutik.

Edozein jardueretan parte hartzeko –gurasoen zein gazteen eskaintzetan– aurrez eman beharko da izena, horretarako ahalbidetuko duten google forms atariaren bidez edo Zarauzko Gazte Informazio Bulegoan (astelehenetik ostiralera, 16:30etik 19:30era). Infomazio zabalagoa nahi duenak 943-00 51 22 telefono zenbakira dei dezake edo gazteria@zarautz.eus helbidera idatzi.

Bost urtez elkarlanean

Zarautz Herri Hezitzailea taldea udaleko hainbat ordezkari politikok nahiz arlo ezberdinetako teknikarik osatzen dute, baina baita Berritzegunea, Ludoteka eta Gaztelekuko arduradunek ere. Gainera, Bakeola-EDE Fundazioko lantaldeko kideak ere badaude. Bost urte daramatzate elkarlanean hainbat hausnarketa eta egitasmo ezberdin lantzen.

Bide horretan, azken urteetan egungo interesekoak diren gaiak –bullyng-a, erreminta digitalen erabilera eta jokoa, esaterako– jorratu dituztela nabarmendu du Hezkuntza eta Gaztedia zinegotzi Irune Urbietak. "Iaz, Gaztematika Gipuzkoako Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenera Zerbitzuaren eskutik, formazioan sakontzen jarraitu genuen, eta aurten bide beretik gatoz. Hortaz, Gaztematikaren eskaintzatik bi ekimen mota ezberdin aukeratu eta bideratu nahi ditugu. Batzuk, gurasoei eta hezitzaileei zuzendutakoak, eta besteak, gazteei zuzendutakoak", zehaztu du zinegotziak.

ESKAINTZAK

TREBA GURASOAK

Otsailak 1, asteazkena
- Seme-alaben autoestimua elikatzen.
Hitzaldia, Nerea Mendizabalen eskutik.
Izen-ematea: urtarrilaren 26a bitartean, google forms bidez.
18:00-19:30, Etxezabalan.

Otsailak 8 eta 15, asteazkenak
- Zer egin dezakegu gure haur eta nerabeek sexualitate aske eta osasuntsua izan dezaten?
Tailerra, Eider Goibururen eskutik.
Izen-ematea: otsailaren 2a bitartean, google forms bidez
18:00-20:00, Etxezabalan.

Apirilak 19, asteazkena
- Arauak eta mugak familian. Nola ezarri era asertibo batean.
Hitzaldia, Leyre Canoren eskutik
Izen-ematea: apirilaren 13a bitartean, google forms bidez
18:00-19:30, Etxezabalan.


TREBA GAZTEAK

Otsailak 22, asteazkena
- Argazkilaritza: Ispilua (16-22 urte bitartekoentzat)
Trebatzailea: Ido photography
Izen-ematea: otsailaren 16a bitartean google forms bidez
17:30-19:30 bitartean, Gaztelekuan.

Martxoak 21, asteartea
- Autonomiarako etxeko ekonomia (18-30 urte bitartekoentzat)
Trebatzailea: Kontsumobide
Izen-ematea: martxoaren 16a bitartean, google forms bidez
18:30-20:30, Etxezabalako bilera aretoan.