Sukalde berria du Gaztelekuak

Irune Urbieta zinegotzia –erdian– eta Gaztelekuko hezitzaileak, sukalde eraberrituan. (Zarauzko Udala)

Hirugarren solairuko tailer gela "goitik behera" berritu du udalak, lur berria jarriz, eta sukaldeko ekipamendua berrituz; 56.000 euroko inbertsioa egin du. Beste hainbat gune ere berritu ditu udalak eraikinean, eta horien berri eman du Irune Urbieta Gazteria zinegotziak.

Gaztelekua pusketaka berritzen ari da Zarauzko Udala azken bi urteetan, eta azken asteetan sukaldearen gunea eraldatu duela jakinarazi du, hainbat datu ematearekin batera.

Gaztelekuko hirugarren solairuko tailer gela "goitik behera" berritu du udalak, lur berria jarriz, eta sukaldeko ekipamendua ere berrituz. 56.000 euroko inbertsioa egin du erakundeak horretan.

Irune Urbieta Gazteria zinegotziak nabarmendu duenez, sukaldaritza tailerrek "arrakasta handia" dute Gaztelekuko erabiltzaileen artean: "Sukaldearen inguruan sorturiko espazio eta eskaintza berriak oso harrera ona izan du Zarauzko nerabeen partetik. Astero zarauztar nerabe asko elkartzen dira hemen antolatzen diren sukaldaritza tailerretan".

Beste hainbat berrikuntza

Gaztelekuan beste hainbat gune ere berritu ditu udalak. Horien artean, "garrantzia handiko berritasunetako bat" ikuskizun aretoan egindako moldaketak dira. Balio anitzeko areto horretako barrualdean moldaketak egin dituzte, eta berriz margotu dute. Aretoko multimedia ekipamendu teknikoa osatzen duten elementuak (fokoak, soinu sistema, proiektorea...) ere erabat berritu eta osatu dute.

Eraikinean bestelako hainbat inbertsio eta berritze lan ere egin ditu udalak: lurrak berritu ditu Gazte Informazio Bulegoan, hezitzaileen bulegoan eta bilera gelan; eraikin osoan kontsumo baxuko LED argiak jarri ditu, baita frontoiko fokoak ere; 12-14 urtekoen egongelako altzariak berritu ditu; soinketa gelan lurra berritu, hormak margotu eta ispiluak konpondu ditu; eraikineko seinalitika berritu du, eta piktogramak jarri ditu, behar bereziak dituzten erabiltzaileei laguntzeko; eta, azkenik, hainbat espaziotan sabaiko plakak aldatu ditu.

Bi urtetan 100.000 euroko inbertsioa

"Bi urte hauetan, azkenaldian egindako bidearekin jarraituz, Gaztelekuan eskaintzen den zerbitzua hobetzeko hainbat inbertsio eta berrikuntza lan gauzatu ditugu", adierazi du Urbietak. "Hobekuntza hauek eraikineko erabiltzaile guztiei eragiten diete. Alde batetik, bertan lan egiten duten udal langileei, eta, bestetik, espazio horiek erabiltzen dituzten zarauztarrei eta, batez ere, herriko nerabeei", gaineratu du.

Urbietak gogorarazi du berrikuntzak eraikin osoan zehar egin dituela udalak eta, horiekin, Gaztelekuko hainbat elementu hobetu dituela, besteak beste, ekipamendua, isolamendua eta seinaletika. "Guztira, 118.776,59 euroko inbertsioak bideratu ditu udalak Gaztelekuan egindako lanetara, eta horiei, udal brigadak egindako beste hainbat lan ere gehitu behar zaizkio", zehaztu du.

Azkenik, gogorarazi du herritar orok erabil ditzakeela Gaztelekuko hainbat espazio, eta horretarako baimena aurrez eskatu besterik ez dagoela. "Espazio horietako batzuk erreserba bitartez erabiltzeko aukera dute herritarrek, elkarteek edo bestelako eragileek. Eskaera horiek departamentuan bertan egin daitezke presentzialki, telefonoz edo helbide elektronikora idatzita. Herritarren Arreta Zerbitzuan eta udal webgunearen bitartez ere egin daitezke erreserbak".