Paulo Azpiazuk irabazi du Errota Harria Harrijasotze Txapelketa

Julene Frantzesena 2023ko urt. 23a, 17:15
Paulo Azpiazu 107,2 kiloko bolaren altxaldi batean. (Ibon Errazu)

Herri kirol saioa izan zen atzo Iraetan, Santa Ines jaien barruan eta bolarekin 31 jasoaldi eginda nagusitu zen Izetaren eskolako osintxuarra.

Herri kirol erakustaldiarekin bukatu ziren Iraetako Santa Ines jaietako lehen asteburuko ekintzak atzo, igandea. Dozenaka lagun izan ziren Iraetako frontoian, txapelketetako saioez eta erakustaldiaz gozatzen. Gainera, ohitura den gisan, Errota Harria Harrijasotze Txapelketa ere izan zen.

Bertan, bost harri jasotzailek –Mikel Lopetegi Urrak, Gari Garmendia Garmendia II.ak, Paulo Azpiazuk, Xabat Olaizolak eta Xabier Aranburu Guztak– hartu zuten parte, eta Azpiazu nagusitu zen. Hain zuzen ere, 107,2 kiloko bola 31 aldiz jaso zuen hiru minutuko txandan. Haren atzetik sailkatu ziren Urra (29 altxaldi), Garmendia II.a (25 altxaldi), Guzta (20 altxaldi) eta Olaizola (16 altxaldi).

Errota Harria Harrijasotze Txapelketaz gain, banakako Aizkolari Txapelketako bosgarren kanporaketa ere jokatu zuten eta emakumeak ere aritu ziren harrijasotzen.