Aurten hasiko ditu aldundiak saihesbidea eraikitzeko obrak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 27a, 09:30
Aintzane Oiarbide diputatua eta Xabier Txurruka alkatea etorkizuneko saihesbidearen mapari begira. (Jabi Gonzalez Toston)

Ia 10 milioi euroko inbertsioa bideratuko dute ibilgailu astunak herrigunetik aterako dituen proiektura eta urte eta erdian amaitu beharko dituzte lanak. Udazkenean edo neguan abiatzea aurreikusten dute.

Trafiko astuna herrigunetik aterako duen saihesbidea izango du Zarautzek datorren urtea amaitzerako. Hala aurreikusi zuen, behintzat, Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak obra proiektua aurkezteko Xabier Txurruka Zarauzko alkatearekin batera atzo egin zuen agerraldian. Bertan jakinarazi zuten, halaber, Diputatuen Kontseiluak dagoeneko onartu duela aurrekontua eta 9.767.654 eurokoa dela.

Lanen nondik norakoak ere argitu zituzten agintariek. Hala, zehaztu zuten autobideko irteeran dagoen biribilgunea eta Frantsesbideako bidegurutzea lotuko dituela eraikiko duten errepideak. Honek kilometro eta erdiko luzera izango du eta bide zuzenagoa eskainiko die ibilgailu astunei Abendaño eta Errotaberri industrialdeetara iristeko AP-8tik irten ondoren. Horrenbestez, Zarauzko mugikortasuna "nabarmen" hobetuko dela, eta, aldi berean, "herria seguruagoa izango da eta, ekonomikoki lehiakorragoa", azpimarratu zuen Oiarbidek.

Gauzak horrela, autobideko biribilgunean izango du abiapuntua errepide berriak eta, ondorioz, biribilgunea bera ere moldatu egin beharko dute: elipsi forma emango diote beste adar bati tokia egiteko; errepide berria hartzeko irteera, hain zuzen ere. Gainera, Astiko kirol instalazioetara iristeko irteera ere metro batzuk mugitu beharko dute.

Errepide berriari buruzko xehetasun gehiago ere aurreratu dituzte agintariek: bi noranzko izango ditu, Bidegiko instalazioen atzetik igaroko da eta bi biribilgune izango ditu Frantsesbideko bidegurutzera iritsi bitartean. Zentzu horretan, zehaztu zuten bidegurutzea ere moldatuko dutela T formako elkargunean bilakatu dadin. Aipatutako bi biribilguneekin lotuta, berriz, Sarobeaundiko biribilgunea eta Buztinzuriko biribilgunea izenekin bataiatu dituzte. Azkenak, gainera, herrigunera joateko irteera izango du, gaur egun autobidearen azpitik pasatzen den pasabidearekin lotuko baitute.

Horrez gain, azaldu zuten errepideari tokia egiteko Frantsezku baserria eraitsi beharko dutela, baita Buztinzurin dagoen pabiloiaren hegoaldeko zatia ere biribilgunea eraikitzeko.

Azken horren harira, Txurruka alkateak gogoratu zuen Aldundiarenak direla eraikinok lehendik desjabetuta daudelako: "Ordainduta egin ziren desjabetzeak eta lekualdaketak ere gauzatu ziren".

Hori esanda, bi erakundeen artean azken hilabeteetan izan den lankidetza ere nabarmendu zuen Txurrukak, bere hitzetan, horri esker aukera izan dutelako "Zarautzentzat estrategikoa den saihesbide honen trazatu egokiena finkatzea".

Autobidea abiapuntua

Saihesbideaz gain, AP-8ko Zarauzko irteera hobetzeko lanak egingo dituzte Donostiako noranzkoan. Zehazki, desbideratzea hartzeko erabaki puntua aurreratuko dute, eta horretarako, beharrezkoa izango da Buztinzuri parean errepidea zabaltzea. Hain zuzen, horiek izango dira abiatuko dituzten lehen lanak eta Bidegik hartuko ditu beregain.

Saihesbidearekin, aldiz, aurrerago hasiko dira. Hori bai, "aurten" izango dela hitz eman zuen Bide Azpiegituretako diputatuak, eta gaineratu zuen "udazkenerako edo negurako" espero dutela lanak martxan izatea. Horren harira, Oiarbidek aitortu zuen obrei ekin aurretik lurren kudeaketari lotutako hainbat ñabardura konpondu behar dituztela.

Hori egindakoan, erakusketa publikoan jarriko dute proiektua, eta obrak lizitatu ondoren, hemezortzi hilabeteko epean exekutatu beharko dituzte. Bestela esanda, behin lanak hasitakoan urte eta erdian amaitu beharko dituzte. Bada, "proiektua lehenbailehen gauzatu ahal izateko", udalaren esku dauden baliabide guztiak eskaini dizkio Aldundiari Zarauzko alkateak.