“Argi nuen, egiten nuena egiten nuela, euskaraz hitz egingo nuela”

June Romatet Ibarguren - Gipuzkoako Hitza 2023ko urt. 28a, 13:30
Julen Portillo Joseba Argiñano sukaldariarekin. (Julen Portillo)

Sortzaile gazteak dira Julen Portillo zarauztarra, Andrea Gonzalez bergararra eta Maddi Etxeberria andoaindarra. Internet bihurtu dute euren gotorleku, eta han biluzten dute barrua, eguneroko kontuak bideo labur bihurtuta. Hasieratik argi eduki zuten hirurek: euskaraz sortuko zituzten edukiak. Bidea egiten ari dira, eta Gipuzkoako Hitzak haiekin hitz egin du. Hona hemen Portilloren lekukotza.

Sare sozialetan edukiak sortzea da Julen Portillo 27 urteko zarauztarraren gaur egungo lana: Tiktok aplikazioan eta Instagramen aritzen da jardunean, euskaraz. Hainbat eduki eskaintzen du batean eta bestean, baina, batez ere, umorez sortzen ditu bideo laburrak. Duela urte eta erdi inguru erabaki zuen aurretik zuen lana uztea eta buru-belarri sare sozialetan edukiak sortzen hastea. Ordutik, “egunero edo ia egunero” euskarazko bideoak zein argazkiak jartzen ditu sarean.

Erabakia duela urte eta erdi hartu zuen arren, lehenago ere Youtube plataforman bideoak egiten zituela esan du Portillok: “Duela sei edo zazpi urte hasi nintzen bideoak jartzen; kantuen parodiak egiten nituen, garai bakoitzean gertatzen ziren gauzekin edo bururatzen zitzaidanarekin”. Lagun batzuekin gitarra jotzen ikasten eta abesten hasi zen gero, eta pixkanaka joan zen parodiak sortuz. Ekarpena egin zezakeela ikusita, horiek ezerezean utzi beharrean, grabatu eta Youtuben jartzen hasi zen. Euskaraz grabatzen zituen beti bideoak. “Argi nuen, egiten nuena egiten nuela, nire hizkuntzan, euskaraz hitz egingo nuela”.

Youtube alde batera utzi zuen geroago, eta gaur egun hain modan dagoen Tiktok aplikazioa deskargatu zuen konfinamendu garaian, 2020ko martxo-apiriletan. Bertan edukia sor zezakeela iruditu zitzaion Portillori; beraz, berriz ere umorea ardatz hartuta, eta euskara ahoan zuela, bideo laburrak sortzen hasi zen. Pixkanaka konturatu zen jendeak gustuko zituela bere bideoak, eta aurrera egiteko indarra eman zion horrek. “Hasieran, erreparo handiarekin sortzen nituen edukiak; batzuetan, atzera eginarazten zidan ingurukoek zer esan zezaketen”. Baina, gaur egun, ez zaio gertatzen halakorik: “Ia 28 urte ditut nik, ez naiz haur bat eta ez zait inporta jendeak zer pentsa dezakeen”.

Hasieran umorea besterik ez zuela egiten aitortu du, baina gaur egun haren bideo batzuk ez dira halakoak. Eguneroko kontuak izaten ditu hizketagai batzuetan, eta barruan duen hori, sentitzen duena kontatzen du beste batzuetan… “Beti ez naiz pozik egoten, eta iruditzen zait ezin dela beti umorea egin; beraz, hori ere aldatu egin dut pixkanaka”.

Ia egunero sortzen du edukiren bat Portillok, baina, haren ustez, lan hori ez da hainbeste baloratzen alor profesionalean: “Ikusleak baditugu, baina beste askok diote ez dagoela edukirik euskaraz. Badago, bagaude, baina bilatu egin behar da, eta batzuek ez dute bilatu ere egin nahi izaten”. Bestalde, azaldu du lan baldintzak askotan ez direla onak. “Euskaraz sortzen dugun sortzaileok baldintza okerragoak jasan behar izan ditugu, euskara prekarioa dela esaten dutelako”. Horregatik, eta euskarari ikusgarritasun handiagoa emateko asmoz, edukiak euskaraz sortzen jarraituko du zarauztarrak.

Erreportajea osorik irakurri daiteke Gipuzkoako Hitzako atarian.