Gaur eguerdian zabalduko dute Haimar Zubeldia Klasikorako izen ematea

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 30a, 10:00
Iazko Haimar Zubeldi Klasikoa. (Aritz Mutiozabal)

Maiatzaren 21ean, igandea, egingo dute Zarauzko Zikloturista Elkarteak antolatutako proba eta 800 lagunek parte hartu ahalko dute gehienez ere.

Haimar Zubeldia Klasikoan parte hartu nahi duten zikloturistek 12:00etatik aurrera eman dezakete izena hemen (kirolprobak.com atariaren bidez egin behar da inskripzioa). Maiatzaren 21ean egingo dute proba eta 45 euro balio ditu izen emateak federatuentzat. 60, berriz, federatuta ez daudenentzat. Gainera, antolatzailea den Zarauzko Zikloturista Elkarteak jakinarazi duenez, martxoa amaitu urretik izen ematen dutenek Etxeondoko maillota jasoko dute. Izen emateko epea, proba jokatu baino astebete lehenago itxiko dute, maiatzaren 14an, alegia. Edo 800 txirrindulariko mugara heldutakoan (iaz baino ehun gehiago).

Horrez gain, zehaztu dute aurten ere 90 kilometroko martxa laburra ezin izango dutela egin eta 152 kilometrokoa egiteko aukera izango dela soilik. Ibilbidea ohikoa izango da: Zarautzen hasi eta Zarautzen bukatu Urola Kosta barnealdetik eta Goierritik pasatuta. Bidean, zazpi gain egingo dituzte: Errezil, Altzo, Larraitz, Lazkaomendi, Olaberria, Mandubia eta Etumeta. Anoa postuak ere ohiko tokietan egongo dira: bata, Larraitzen, 68,5. kilometroan, eta bestea, Landetan,110. kilometroan.