Zarauzko Gizonezkoen Binakako I. Pala Txapelketa antolatu dute

Aritz Mutiozabal 2023ko urt. 31a, 09:00
Urtetako frontoian jokatuko dute Gizonekoen Binakako Pala Txapelketa. (Hitza)

ZKE pilota sailaren ekimenez, Urtetako frontoian jokatuko da herri mailako txapelketa berria. Izen-ematea hogei bikotera mugatu dute, eta epe otsailaren 11n bukatuko da.

Zarauzko Kirol Elkarteko pilota atalak Zarauzko Gizonezkoen Binakako I. Pala Txapelketa antolatu berri du. Herri mailako lehia sustatu nahi dute, eta Urteta auzoko frontoian jokatuko dituzte partidak.

"Ikusita teniseko pilotarekin kuadrilla ugarik jokatzen dutela paletaz herrian, ZKE pilota sailetik ohitura hori nahi dugu aprobetxatu. Udan Frontoi Txikin badago eskuzko txapelketa eta emakumezkoen pala txapelketa, eta faltan botatzen genuen gizonezkoei bideratutako bat", azaldu du Jose Mari Olazabal Paxo pilota saileko kideak.

Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago, eta otsailaren 11n bukatuko da. Horretarako bikoteko 20 euro ordaindu beharko da; inskribitzeko 605 70 15 94 edo 663 32 86 11 telefono zenbakietara dei daiteke. Parte hartze kopurua hogei bikotera mugatu dute, gainera. Partidak astegunetan izango dira, baina egutegia –egunak eta ordutegiak– zerrenda osatu ostean zehaztuko dute.

Argi dutena da Urtetako frontoia izango dutela jokaleku. "Negua denez, pilotaleku estalia eta argiarekin behar dugu. Horrexegatik aukeratu dugu Urtetakoa", arrazoitu du Paxok. Bestalde, pilota ataleko kideak onartu du"ederra" izango litzatekeela txapelketa parte hartzen duten batzuek ondoren klubean jarraitzeko borondatea izango balute.