Zarauzko EAJk industrialdeen ordenantza aldatzea proposatu du, bertan ostalaritzako erabilera ahalbidetzeko

Mireia Galarza Bastida 2023ko ots. 12a, 14:00

Xabier Txurruka alkateak adierazi duenez, udalaren helburua da herrian eskaintzen diren "zerbitzuak hobetzea", eta horrekin lotuta dator Zarauzko industrialderako proposamen berria.

Zarauzko EAJko Udal taldeak aste honetan izandako Lurralde Batzordean proposatu du Zarauzko industrialdeen ordenantza aldatzea, bertan ostalaritzako erabilera ahalbidetzeko -jatetxe kategoriaraino-, eremu horietako zerbitzuen kalitatea hobetzeko asmoz.

Xabier Txurruka alkateak adierazi duenez, udalaren helburua da herrian eskaintzen diren "zerbitzuak hobetzea", eta horrekin lotuta dator Zarauzko industrialderako proposamen berria. Izan ere, alkatearen hitzetan, enpresa eta erabiltzaileekin izandako elkarrizketetan, eguneko menu bat jateko, kafe bat hartzeko edo goiz erdian pintxo bat hartzeko tabernen "gabezia antzeman da eremu horretan".

Txurrukak gaineratu du gaur egun indarrean dagoen Abendaño eta Errotaberri guneetako jarduera arautzen duen ordenantzak ez duela aurreikusten Zarauzko bi industrialde horietan zerbitzua emango duen taberna edo jatetxe bat irekitzeko aukera. “Proposatzen dugun ordenantza aldaketa horri esker, ezaugarri horiek dituzten ostalaritza negozioak ireki ahal izango dira, baina jatetxearen kategoriaraino mugatuta egongo da, inoiz ez sailkapen bereziko lokaletara, diskotekak, kasurako", azpimarratu du Txurrukak.