Ainize Txopitearen diseinuak irabazi du Martxoak 8ko Kartel Lehiaketa

Aritz Mutiozabal 2023ko ots. 11a, 12:30

Memoria_emakumea gizartean izena du artista zarauztarraren lan irabazleak. Guztira, kalitate oneko 40 kartel jaso ditu Parekidetasun departamentuak aurtengo sariketan; bildumarekin erakusketa zabaldu dute Emakumeen* Etxean.

Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak atzo eguerdian eman zuen jakitera Martxoaren 8ko XV. Kartel Lehiaketako irabazlea. Aurtengo lan saritua Ainize Txopitea zarauztarrarena izan da, eta Emakumeen* Etxean jaso zuen saria Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquezen eskutik.

Aurten, emakumeek zein gizonezkoen landutako 4o diseinu aurkeztu dira lehiaketara, eta zinegotzia pozik agertu da parte hartze kopuruagatik zein jasotako lanen kalitateagatik. Horrez gain, ilusioz handiz hartu du Txopitea bezalako artista entzutetsu bat izatea aurtengo lehiaketako garailea; izan ere, ez zuen nabarmendu gabe utzi nahi izan sortzaile zarauztarraren ibilbidea eta Europan barna egin dituen hainbat eta hainbat erakusketa.

Txopiteak erabat eskertuta hartu zuen hitza: "Harro nago emakume izateaz eta sortzaile zarauztarra izateaz". Bere hastapenetan arte garaikidea lantzen zuten artista kontatu zuen, eta jada bere lanean agertzen zaizkiola "emakumea, natura eta generoa". Urteak aurrera egin ahala ikuspegia "modu positiboan" garatu duela azpimarratu zuen, gainera.

Martxoak 8ko kartel lehiaketan saritutako diseinua Donostiako Tabakaleran eginiko egonaldi artistiko batean landu zuen, eta Memoria_emakumea gizartean izena du. "Diseinuarekin irudikatu nahi dut emakumea zer egoera animikoan eta mentalean murgildu dagoen gizarte eraikuntza honetan", argudiatu du Txopiteak. Kartelean emakume igerilari bat agertzen da itsaso sakon bati aurre egin nahian, eta aldamenean oreka mantedu nahian dagoen aulki multzoa, bata bestearen gainean. "Existentzialismoa, amatasuna, kolektibotasuna... gai asko iradokitzen ditut kartelak bere baitan".

Publikoaren saria oraindik

Epaimahaiak erabakitako irabazle nagusiak 400 euroko saria bereganatu du, baina oraindik bigarren sari bat dago emateko: publikoarena. Horretarako, Zarautz Parekidek Facebook sare sozialean daukan perfilean eman daiteke botoa, otsailaren 13ko 12:00ak arte. 'Atsegin dut' gehien eskuratzen dituen kartelak eskuratuko du herritarren saria. 200 euro jasoko ditu boto gehien lortzen dituen lanaren egileak. 

Bien bitartean, lehiaketara aurkeztu diren kartel guztiekin erakusketa antolatu dute Emakumeen* Etxean bertan. Vazquezek herritarrak bertaratzera animatu ditu bertako nahiz kanpoko sortzaileen lanez gozatzera. Martxoaren 17a bitartean izango dira ikusgai, ondorengo ordutegian: 10:30etik 12:30era eta 16:00etatik 20:30era, astelehenetik ostiralera.