Lorategien paradisu bihurtua

Gorka Eizagirre - Aritz Mutiozabal 2023ko ots. 22a, 10:00

Zarauzko lorategien ondare historikoa jaso dute erakusketa batean, eta martxoaren 19a bitartean izango da ikusgai. Xabier Alberdi historialaria arduratu da azterketa egiteaz.

Zarauzko lorategien historia izeneko erakusketa zabaldu zuten atzo Torre Luzea aretoan. Argazki, plano eta datu zaharren bidez, herriko lorategien memoria jaso dute, haien balio estetikoa nahiz ondare historikoa, eta martxoaren 19ra arte izango da ezagutzeko aukera. Aurrera begira, gainera, liburuxka bat argitaratzeko asmoa du Zarauzko Udalak.

Hasierako ideia ez zen izan herriko lorategiei eta lorezaintzari buruzko lanketa egitea, baizik eta Pascual Madozen figura ezagutzera ematea. "Ministroa zen Madoz, eta, nolabait esanda, bera izan zen Zarauzko lehen turista. Haren atzetik etorri ziren gainerako errege-erreginak eta aristokraziako jendea", azaldu du Lorezaintza zinegotzi Patxi Elolak. Bisitari haien ingurumarian "lorategi ederrak" sortu zituzten herrian, eta horietako batzuk oraindik ere geratzen direla azpimarratu du. 

Garai hura, XIX. mendearen erdialdean hasi zena, Zarauzko lorezaintzaren "urrezko aroa" izan zen. Xabier Alberdi historialari zarauztarra arduratu da azterketa hori egiteaz eta erakusketa osatzen duten elementuak koordinatzeaz. "Historian zehar herriaren fisionomian eragin ikaragarria izan duen jardueraren bat egon baldin bada, lorezaintza izan da", irmoa izan da historialaria baieztapenean. Haren hitzetan, "Zarautz toki aproposa izan zen mendez mende baratzeak, lorategiak eta leku irekiak garatzeko".

Testuinguruan jartzeko, Madozen eskutik abiatzen da "Zarautz modernoa"; izan ere, hark bultzatu zuen herriaren industrializazioa, komunikazioa eta errepide sarea nahiz turismoa. "Horrekin batera, etxe ondoan lorategia egin zuen, bertako baldintza egokiak kontuan hartuta. Ondoren, gainerako guztiek imitatu zuten haren eredua: sekulako lursaila erosi eta haren barruan txaleta eraiki zuten, punta-puntako lorategiak garatuz", kontatu du Alberdik.

Garaiko lorezain entzutetsuenak herrian izan ziren, eta sasoiko joerak ekarri zituzten Zarautzera. "Lorezaintza arte bat bada, artista esanguratsuenetako batzuk Zarautzen aritu ziren lorategi eder horiek sortzen. Zalantzarik gabe, lorategien paradisua bihurtu zen herria", aditzera eman du historialariak.

Dena dela, lanketa ez dute murriztu XIX. mendetik gaur egunera arte; aurretiko guztia ere hartu dute aintzat: Erdi Arotik datozen lorategien dokumentazioa bildu dute, baita XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan garatu zirenak ere; hala nola Narros jauregikoa, komentuekin lotutakoak –Santa Klara edo Frantziskotarrena– eta Portu jauregikoa (gaur egun Lege Zaharren enparantza). "Lehen ere baziren, baina, batez ere, jauntxoekin eta Elizarekin zerikusia zuten".

Erakusketan, argazki zaharrez, lursailen planoez eta agiriez gain, ikus-entzunezko berezi bat paratu dute. Bertan, Bixente Eizagirreri eginiko elkarrizketa bat ikusteko aukera dago. "Adineko pertsona da Bixente, baina memoriaz oso ongi dabil. Bere aitak, aitonak eta birraitonak Villapadiernako Kondearen lorategietan egin zuten lan, Vista Alegren, eta lanbide historiko horren bizipenak jaso ditugu bideoan", dio Elolak.