Goma-2, Xabier Leteren hitzak eta Anestesiaren doinuak

Onintza Lete Arrieta 2023ko ots. 23a, 11:14

Ezkerretik hasita, Oihan Manterola, Eneko Izagirre, Ibon Kazalis eta Jon Agirre. (Utzitakoa)

Hardcore eskola berrikoak direla diote Goma-2 taldeko Jon Agirrek, Oihan Manterolak, Ibon Kazalisek eta Eneko Izagirrek. Lehen EPa sareko plataformetan zintzilikatu dute Getariako eta Zarauzko gazteek. 

Hezurreraino sartuatua galtzailearen arantza, eromen kolpez berpiztu nahirik gure esperantza». Xabier Leterenak dira hitzak –Langile baten seme abestikoak–, baina bere egin ditu Goma-2 musika taldeak, aurreneko EPan sartuta. Oihan Manterolak (Getaria, 2004), Jon Agirrek (Zarautz, 2004), Ibon Kazalisek (Zarautz, 2005) eta Eneko Izagirrek (Zarautz, 2004) pandemia garaian osatu zuten taldea, eta oraintsu hasi dira zuzenekoak ematen. Beren aurreneko EPa sareetan dago entzungai, eta orain bi asteburu egin zuten lan horren aurkezpena Getariako Gaztetxean. Kontzertuarekin «gustura» dira, baita beren lana plataformetan jasotzen ari den erantzunarekin ere. 

Gabonetan grabatu zuten EPa Zumaian, Ozen estudioan. Hasieratik iruditu zitzaien erakargarria EP formatua, eta kantuak prest eduki ahala animatu ziren grabatzera. "Kantak estilo aldetik finkatu genituenean, koherenteak zirela iruditu zitzaigun, eta erabaki genuen grabatzea". 

Lau abesti dituzte, eta horietan agerikoak dira mezu sozialak eta politikoak. Hitz gehienak Manterolarenak dira, eta azaldu du gehientsuenak pandemia garaian idatzitakoak direla eta orduko egoera islatzen dutela. "Pandemia garaian hasi ginen mugitzen eta entseatzen, eta testuinguru hartan sortu genituen abestiak: ezin genuen kontzerturik eman, ezin genuen nahi genuen ezer egin, eta gure hitzetan nabari da erreprimituta egote hori". 

Kazalis, Agirre, Manterola eta Izagirre. (Utzitakoa)


Musikalki abesti biziak dira, erritmo aldaketa askokoak, eta azaldu dutenez, "inguruan azken hogei urteetan eman den hardcore eszenari" jarraitzen diote. "Odol berria gara, baina ez dugu ezer berririk egiten", esan dute umoretsu. 

Anestesia taldearen elastikoa soinean agertu da elkarrizketara Agirre, taldeko abeslaria. Anestesiako Mikel Kazalisen semea da Kazalis, eta musika talde hori bada beren erreferenteetako bat. Dut musika taldea gogorarazten duten doinuak ere baditu Goma-2k, baina taldekideek azpimarratu dute batez ere Zarauzko eszenari begiratzen diotela beraiek, Anestesia, Folkcore eta antzeko taldeei. «Gure musikak badauka harcore edo punk-hardcorearen oinarrizkotasun edo sinpletasun hori, organikotasun hori, baina eskola berriko hardcoreak duena transmititzen dugu erritmo aldaketekin eta», zehaztu dute.

Agirre da taldeko abeslaria, Kazalisek bateria jotzen du, Manterolak gitarra, eta Izagirrek, berriz, baxua. Getarian entseatzen dute normalean, udalak musika taldeei utzitako aretoan, Gaztetxe ondoan, baina Zarautzera ere jotzen dute behar dutenean, Anestesiaren entsegu lokalera.


Musika kontsumitzaile


"Gaur egungo gazte guztiek bezala", Spotifyn eta Bandcampen kontsumitzen dute musika beraiek ere. "Batez ere musika berria deskubritzeko erabiltzen ditugu plataformak eta sare sozialak", adierazi dute. Izan ere, euskarri fisikoaren zaleak ere badira. "Orain auto askotan CD irakurgailua ere ez daukazu, baina nik badut musika euskarri fisikoan erosteko eta entzuteko ohitura, gustatzen zait edukitzea. Etxean entzuten dut", kontatu du Agirrek. 

Manterolak kaseteak ere aipatu ditu, bera jaio baino askoz lehenagoko euskarri exotiko horiek. "Gehienbat gaztetxeetan begiratzen eta erosten ditut; merke egoten dira, hiru euroan beharbada, eta askotan etxeratzen ditut".  

Gainera, Goma-2 taldekoek beren diskoa kaleratu nahi dute laster. Bide horretan, aurreneko pausoa taldearen kamisetak ateratzea izan da, eta horretan diru dezente inbertitu dutela azaldu dute. "Hain justu, elkarrizketaren aurretik horretaz ari ginen hizketan taldekideok. Kamisetetan errentagarritasuna handiagoa izaten da, eta oraintxe berdindu dugu gastua. Hemendik aurrera lortzen dugun diru guztia gure diskoa argitaratu ahal izateko izango da", azpimarratu dute. 

Laukoteak badaki diskoa bera ez dela izango oso errentagarria, baina "polita" iruditzen zaie nonbaitera kontzertua ematera joan eta beren materiala edukitzea: kamisetak, diskoa, pegatinak... "Taldeari itxura sendoa ematen dio halako materiala edukitzeak, eta erakusten du zer den nahi duguna". Musika serio hartzen dutela, alegia.


Izena, azkena


Musika talde gehientsuenek bezala, Goma-2koek ere buelta dezente eman zizkioten izenaren kontuari. "Urte eta erdi generamatzan entseatzen, eta izenaren arrastorik gabe", gogoratu dute. "Lehertzeaz hitz egiten genuen, leherketez, eta hasieran behin-behinean jarri genuen izena, whatsappeko taldeak izena behar zuelako", oroitu dute. "Cicatriz musika taldearen Goma-2 abesti mitikoa entzuten ari ginela, hitzek duten esanahi politikoagatik, gizarte osoari Goma-2 y a reventar esanez, bada, egokia iruditu zitzaigun geuretzat hartzea".  

Musikarako afizioa etxetik datorkie; Kazalisi, zer esanik ez, baina baita beste kideei ere. Umetan musika eskoletan ibiliak ere badira Manterola eta Izagirre; azken horrek, esaterako, pianoa jotzen zuen.
Etxekoak kontzertuetara joan izan zaizkie, nahiz eta guraso gehienen estiloak bestelakoak izan. "Gure amak musika bandan jotzen zuen eta beste estilo bat du, baina gurasoengandik jaso dut afizioa", aitortu du Manterolak. Agirrek ere azaldu du aitak musika jotzen zuela, baina justu beren "kontrakoa"; alegia, Benito Lertxundiren estiloko kantak. "Niri izebak sartu dit musika estilo hau barruraino. LH5en nenbilenean, beti autoan Judas jartzen zidan topera". 

Orain, beraiek dute beste norbaiten erreferente izateko aukera beren eskura.

Goma-2 taldearen EPa

ABESTIAK. Goma-2 (02:55), Poza? (02:20), Nazka (02:48) eta Gau hilak (02:15). 
GRABAKETA. Ozen estudioan, Zumaian. 
ENTZUNGAI ETA ESKURAGARRI. Spotify eta Bandcamp plataformetan (goma-2.bandcamp.com).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide