Ia urtebeteko kexa amaigabea ordainsaririk jaso gabe

Mireia Galarza Bastida 2023ko ots. 24a, 11:50

Orain dela hamar hilabete inguru hasi ziren Gertek enpresako kideak lan baldintza hobeak eskatzen. Ezer lortu ezean, borrokan jarraitzeko prest daude.

Maiatzean urtebete egingo dute autobideen mantenu elektrikoaz arduratzen diren Bidelanek azpikontratatutako Gertek enpresako langileek greba mugagabeari ekin ziotenetik. Egunero ikus daitezke goizez AP-8aren Zarauzko sarrera-irteeran –Donostiarako norabidean–, zarataka eta protestan beraien lan eskubideen alde, eta langileek adierazi dutenez, "horrela jarraitzea da asmoa, zerbait lortu arte". Azpikontratazioa ekiditea da beraien helburua, lan baldintza hobeak izateko.

Manuel Sanchez zarauztarra da Gertek enpresako langileetako bat, eta adierazi duenez, enpresa sortu zenetik –duela hamabost urte inguru– daramate langileek azpikontratatuta. «Ni orain dela hamabi urte hasi nintzen, eta ez dut beste errealitaterik ezagutu», gaineratu du. "Azken finean, gure enpresak diru kantitate bat jasotzen du Gipuzkoako Foru Aldunditik urtero lan publikoak egiteko, baina Bidelan azpikontratatutako enpresa bat garenez, enpresa horretako langileek baino gutxiago irabazten dugu, eta diru hori goi kargudunentzat geratzen da", adierazi du.

Non dago gakoa, ordea? Azalpena erraza eta argia da: Bidelan eta Gertek enpresako kudeaketaz arduratzen dena pertsona bera dela. "Bere burua kontratatu eta azpikontratatu egiten du, nolabait esatearren". Sanchezek nahiago nahi izan du bere izena ez esatea, eta azaldu du beraiek "X jaun" deitzen dietela.

Horretaz gain, grebako egoera ere azpimarratu nahi izan du zarauztarrak. Sanchezen hitzetan, beraien greba ia urtebetez luzatzen ari bada ere, gutxiengo zerbitzua bete behar dute, "ezinbesteko jarduera" bezala kontsideratzen dituztelako. "22 langiletatik zortzik egon behar dugu gutxiengo zerbitzua bermatzeko, eta hori gehiegizkoa da", zehaztu du. Halaber, "segurtasun falta eta administrazio kontratutik kanpo geratzen diren lanak" ere salatu nahi izan ditu Sanchezek.


Agindutakoa, bete gabe

Lanean ez daudenean, berriz, protestan aritzen dira Zarauzko bidesarian, egunero hiruzpalau ordu inguru. "Gorabeherak izan ditugu, baina hemen egon nahi dugu, eguraldi ona eta txarra egiten duenean ere Bidelaneko bulegoen alboan, goi mailako kargudunak iristen direnean hemen gaudela aldarrikatzeko", dio.

Izan ere, Sanchezek azaldu duenez, goi mailako karguak dituztenak bidesari alboan dauden bulegoetara joan izan direnean, ez diete «ezertxo ere» esan, ezta aldundiak ere. Haren hitzetan, askotan esan diete hurrengo lizitazioan gauzak aldatuko direla, baina ez da horrela izaten. "Negoziazioak etenda daude, baina hala eta guztiz ere, ez dugu etsiko. Azken finean, kontuan hartu behar da autobideak ez direla errepideak bakarrik, kableak, zuntz optikoa edo argiztapena ere badutelako, eta gure lana da hori, baina ondo egin nahi dugu", azaldu du serio.