Mikel Goenagak eta Begotxu Olaizolak haien zinegotzi postuetatik dimititu dute

Aritz Mutiozabal 2023ko ots. 24a, 14:30

Mikel Goenaga dimisioa aurkezteko unean. (Mireia Galarza Bastida)

EH Bildu koalizioko Eusko Alkartasunako bi kideek atzoko udalbatzarrean iragarri zuten beraien lekua uzteko erabakia, galdera eta eskarien tartean.

Ohiko osoko bilkura egin zuten atzo arratsaldean udaletxeko batzar aretoan, eta normalean baino laburragoa izan zen, aztergaiei dagokienean barne arautegiei lotutako bizpahiru plan baino ez baitzituzten onartu 2023ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, Udalaren Araugintza Plana eta Iruzurraren Aurkako Plana–, aparteko eztabaidarik gabe. Ezustekoa galdera eta eskarien tartean etorri zen: EH Bildu koalizioko Eusko Alkartasunako kide Mikel Goenagak eta Begotxu Olaizolak dimisioa aurkeztu zuten.

Goenagak hartu zuen hitza bien izenean, eta bientzat "egun zaila eta gogorra" zela nabarmendu zuen, urte asko daramatzatelako "Euskal Herri osoan gobernatu beharko lukeen proiektu politiko baten alde" lanean. Edonola ere, "alderdi bakarra osatzeko asmoz, koalizioko alderdiak desagerrarazteko estrategia argi eta nabarmenaren lehen urratsak herrien mailan ematen ari dira. Horren ondorioz, nire alderdikidea eta biok, Eusko Alkartasunak proposatutako zinegotziok garen heinean, gure erantzukizunari buruzko erabaki bat hartu beharrean gaude", zehaztu zuen. 

Horrelako egoera baten aurrean, "zintzotasunez", "kontzientziaz" eta "gure kargu publikoen bestelako erabilerarik egin gabe" jokatu nahi dutela adierazi zuten. "Izan ere, Eusko Alkartasunari leial izanik, Zarauzko panorama politikotik desagerrarazi nahi gaituen alderdiarekin gure lankidetza mantentzea ezin da ulertu. Horregatik erabaki dugu, osoko bilkura honetan, Zarauzko Udaleko zinegotzi gisa dimisioa ematea".

"Eztabaida handia"

Goenagak adierazi zuenez, "EH Bilduren joera unifikatzaile honek isildu nahi izan den eztabaida handia sortu du gure alderdian, Eusko Alkartasunan. Izan ere, prozedura antidemokratiko eta oinarrizko eskubide urraketen bidez, EAren afiliatuei galarazi egin zaie garrantzi handiko barne-erabakietan parte hartzea era garden, zuzen eta demokratikoan, eta horren ordez, jazarpena, kanporatzeak eta militante gisa dituzten eskubideen erabateko gutxiespena jaso dute. EH Bilduk, berriz, Poncio Pilatos bailitzan, 'neutraltasunaren' izenean, 'barne gatazkan' ez dela sartuko adierazi du behin eta berriz".

Zarauzko EAko kideen iritziz, horrek guztiak Sortuk kontrolatutako alderdi bakar bat osatzeko estrategiari mesede egiten dio. "Eusko Alkartasunako EH Bilduko zinegotzi gisa dugun erantzukizunetik, Zarauzko EAren gidalerroak jarraitzen saiatu gara, eta gure EAkideen ideiak udal-taldera eramaten, eta alderantziz. Tamalez, gaur da eguna, ordezkatzen gaituen alderdiak salatu duen bezala, Eusko Alkartasunak ezin duela EH Bildun alderdi politiko gisa jardun Zarautzen", egin zuen azpimarra Goenagak.

Aurrerantzean Eusko Alkartasunaren balioak lantzen jarraituko dutela eta bide berriak aztertuko dituztela gaineratu zuen, "umezurtz geratu garen boto emaileei eskaintza politiko abertzale eta sozialdemokrata duina" eman ahal izateko etorkizunean. Amaitzeko, eskerrak eman zizkien urte hauetan bidaide izan dituzten udal taldeko kideei, babesa adierazi dieten herritarrei, ondoan izan dituzten udal langileei eta baita gainerako alderdi politikoei ere.