"Adinekoak izatea aldarrikatu behar dugu, garai ederra baita"

Gorka Eizagirre - Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 15a, 10:00

Zarauzko Udaberri jubilatuen elkarteak Udaberri Astea ospatuko du gaur hasi eta hilaren 24ra bitartean. Elkarteko presidente Mikel Agirrek antolatu dituzten ekintzen berri eman du.

Gaur emango diozue hasiera Udaberri Asteari. Ospatzeko gogoz egongo zarete, ezta?

Bai, dudarik gabe. Gainera, aurten bigarren urtez, normaltasunez ospatuko dugu; izan ere, pandemiaren garaian dena bertan behera utzi behar izan genuen, eta iaz moldaketa batzuekin itzuli ginen. Beraz, asteari asanbladarekin emango diogu hasiera, eta hurrengo zazpi egunetan askotariko jarduerekin girotuko dugu.

Zer helbururekin antolatzen duzue Udaberri Astea?

Udaberri garaian sartuko gara laster, eta elkartearen izena Udaberri da. Udaberrian udaberri, eta adineko pertsonak, hain zuzen ere. Elkarteari izena eman ziotenek zerbait txukuna planteatu nahi izan zuten: zahartzaroa udaberri berri bateko garaia dela, alegia. Beraz, udaberri urtaroa kontuan hartzen da Udaberri instituzionala aldarrikatzeko. Adinekoa bai, baina bizirik!

Zahartzaro aktiboaren aldarria da, nolabait esateko.

Hala da, bai. Begi bistakoa da, gainera, mugimendu handia dagoela. Jarduerak, ikastaroak, txapelketak eta abar direla medio, jende ugari mugitzen da elkartean. Era berean, jubilatu berriak proposamen berriak eskatzen ari dira, eta neurri handi batean, beraiek ere aurrera eramaten ari dira aipatu jarduera horiek. Orduan, batzordearen egitekoa ez da hainbeste sortzea, baizik eta jendea animatzea, koordinatzea eta baliabideak eskaintzea. Zentzu horretan, oso esperientzia polita bizitzen ari gara azken urte hauetan.

Udaberri Asteari dagokionez, iazko ildo beretik antolatu duzue. Denetariko jarduerak prestatu dituzue: hitzaldiak, irteerak, lehiaketak...

Denetarik dago, bai, eta gauza horietako bat edo beste konfinamendu garaian sortu genuen; esaterako, Argazki Txapelketa.  Udaberri Astea ospatzekoak ginela konfimaneduak harrapatu gintuen, eta webgunearen bidez askotariko ekintzak egiten hasi ginen. Horietako bat izan zen Argazki Txapelketa, eta horrekin aurrera jarraitu dugu. Bestalde, astea biribiltzeko, bazkaria berreskuratu dugu; iaz oraindik egoera ez zen ona, eta zuhurtziaz jokatu genuen. Aurten, ordea, bazkaria egingo dugu Santa Barbara jatetxean, musika eta guzti, eta ehun lagun espero ditugu azken eguneko festan.

Etxeko historiari ere gainbegirada bat eman nahi diozue.

Udaberri elkartearen historia bildu nahi dugu; iaz lehen saioa egin genuen, eta aurten jarraipena emango diogu egitasmoari, bigarren saioarekin. Alde batetik, erakusketa jarriko dugu bihar bulegoan azaldu zaizkigun argazki ugarirekin, eta bestetik, etzirako, solasaldia antolatu dugu. Gure asmoa da jendearen feedback-a lortzea, eta horrela, guztion artean elkartearen ibilbidea osatzen joatea. Izan ere, gauza asko dago idatzi gabe, baina batekin zein bestearekin hitz egiten duzunean, ohartzen zara gertakari asko dituztela gogoan. Hori guztia oraindik bizirik dago, eta desagertu baino lehen jaso nahiko genuke. Udaberriren memoria biltzea da gure nahia.

Jarduera ugari egingo dituzue datozen egunotan, baina Udaberri ez da mugatzen aste berezi honetara. Urte osora zabaltzen duzue eskaintza, eta, zentzu horretan, elkarte oso dinamikoa da zuena.

Hala da, eta ez da guk sortu dugun zerbait, tradizioz etorri den zerbait baizik. Goiko solairuan eskaintzen ditugun ikastaroetan, astean zehar 250 pertsona inguru aritzen dira: tai chi, yoga, fitness, billarra, abesbatza... Kulturari lotutako eguneko irteerak ere egiten ditugu, baita herrian bertan dagoen kultur ondareaz jabetzeko ibilbideak ere. Bestalde, 60+ Astea ere ospatzen dugu Zarauzko Udalarekin elkarlanean. Egia esan, urtean zehar gauza dezente antolatzen ditugu; uztaila eta abuztua izaten dira libre samar geratzen diren hilabeteak, baina bestela, mugimendu handia izaten dugu.

Azken batean, adina aitzakia bat besterik ez da. Arimaz beti gazte, beraz?

Gazteari bere lekua utzi behar zaio. Gu gazte senti gaitezke, baina uste dut adinekoak izatea aldarrikatu behar dugula; alegia, zahartzaroa garai bat dela, eta ziur aski oso garai ederra. Alde batetik, bizi izandako esperientzia dugu, eta bestetik, gauzak ikusteko perspektiba ezberdina, distantzia gehiagorekin, beste patxada batekin. Garai berezia da, oso garrantzitsua, eta balioa eman behar zaio.

Udaberri Asteko egitaraua

Gaur, asteazkena
- 18:00. Bazkideen urteko ohiko batzarra, Modelo aretoan.

Bihar, osteguna

- 18:00etik 19:30era. Udaberri elkarteko argazkien erakusketa, Udaberri tabernan.

Etzi, osirala

- 18:00etik 19:30era. Udaberri elkartearen historiari buruzko solasaldia, Udaberri tabernan. 

Martxoak 20, astelehena

- 09:00. Irteera Udaberritik; ondoren, hamaiketakoa. 
- 10:00etatik 13:00etara. Toka, igela eta ping-pong txapelketak, Udaberriko patioan. 
- 16:00etatik 20:00etara. Mus, tute eta seiko urre txapelketak, Udaberriko tabernan. 

Martxoak 23, osteguna

- 10:00etatik 13:00etara. Toka, igela eta ping-pong txapelketak, Udaberriko patioan. 
- Arratsaldez. Bingo berezia.
- 16:00etatik 20:00etara. Mus, tute eta seiko urre txapelketak, Udaberriko tabernan. 

Martxoak 24, ostirala

-10:30. Sari banaketa, Udaberri tabernan.
- 13:30. Bazkaria, Santa Barbaran.