10.000 euro bideratuko ditu udalak Siriara bertan bizi duten larrialdiari aurre egiteko

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 16a, 09:00
Nati Campillo Unicefeko kidea eta Patxi Elola zinegotzia. (Jabi Gonzalez Toston)

Hamabi urte bete ditu Siriako gerrak eta aurreko hilabetean izandako lurrikarak are gehiago gaiztotu du egoera. Unicefi egindako ekarpenarekin oinarrizko beharrak asetzen lagundu nahi die bertako herritarrei Zarauzko Kooperazio departamentuak.

Zarauzko Udalak 10.000 euroko dirulaguntza eman dio Unicef Gobernuz Kanpoko Erakundeari Sirian dituen proiektuetara bideratu dezan. Udaleko kooperazio departamentuak arrazoitu duenez, joan den otsailaren 6an bertan izandako lurrikarak are gehiago gaiztotu du jada larria zen egoera; izan ere, herrialdea gerran dago 2011az geroztik. Hain justu, atzo bete ziren hamabi urte gerra hasi zenetik.

Horregatik, laguntza Siriara bidaltzea erabaki du Zarauzko Udalak eta ez Turkiara, nahiz eta lurrikarak bigarren herrialde horretan izan duen eragin handiagoa hildako eta zaurituen kopuruan, behintzat. 47.000tik gora dira lurrikarak Turkian utzi dituen hildakoak eta 7.000tik gora Sirian.

Ildo beretik, Nati Campillo Unicefen Euskal Herriko Batzordeko Lankidetza eta Larrialdien arduradunak adierazi du "zauriaren gainean piko" egiten duela Sirian eta datuak ere eman ditu: "Iaz, bertako herritarren %85 ez zen gai oinarrizko beharrak asetzeko". Hori dela eta,  premia horiei erantzutera daude bideratuta Unicefek Sirian gaur egun egiten dituen jarduera gehienak: ur hornidura, saneamendua eta higienea, haurra babesteko zerbitzuak, eta osasuna eta nutrizioa bermatzea dute helburu nagusi. Hain zuzen ere, lan horietarako erabiliko ditu Unicefek Zarauzko Udalak emandako 10.000 euroak.

Zentzu horretan, Patxi Elola Kooperazio zinegotziak nabarmendu du "konfiantzazko" erakundea dela Unicef: "Dirulaguntza haien bitartez bideratzea erabaki dugu, profesionaltasuna eta eskarmentu ona erakutsi baitu gure laguntzarekin aurrera eraman dituen proiektu guztietan".