'The Quiet Girl' filma izango da ikusgai jatorrizko hizkuntzan

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 21a, 10:30

Saio originalaren barruan eskainiko dute pelikula Modelo aretoan, 19:30etik aurrera; aurrerantzean ordutegi berri hori izango du. Ohi bezala azpitituluak izango ditu.

Claire Keegan idazlearen Hiru argiak eleberri laburrean oinarrituta dago The Quiet Girl filma, Colm Bairéad zinegilearen lehen lan luzea.Pelikula sutila da, sentsibilitatez betea, eta indar handia erakusten duena planoz plano. Aktore lanetan, berriz, honako hauek: Catherine Clinch, Carrie Crowley, Andrew Bennett eta Michael Patric.

Landa eremuko Irlandan eta 80eko hamarkadan kokatuta dago kontakizuna. Cáit bederatzi urteko neskato isila da, bere familia pobre, disfuntzional eta ugariegiak arretarik ematen ez diona. Eskolan eta etxean zailtasunekin egiten dio aurre isilean, eta ingurukoentzat oharkabean pasatzen ikasi du. Uda iristen denean eta amaren erditze-data hurbiltzen denean, Cáit urrutiko ahaide batzuekin bizitzera bidaltzen dute. Etxera noiz itzuliko den jakin gabe, ezezagun batzuen etxean geratzen da, soinean daraman arropa besterik gabe. Pixkanaka-pixkanaka, eta Kinsella familiaren zainketei esker, Cáitek aurrerapen nabarmenak egin ditu eta bizitzeko modu berri bat aurkitu du. Baina maitasuna nagusi den eta sekreturik ez dagoela dirudien etxe honetan, egia mingarri bat aurkitzen du.