Bihar emango diote amaiera Appa Zarautz ekimenari

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 23a, 17:00
Appa Zarautz

Modelo aretoak hartuko du ekitaldia 17:30etik arrera. Bertan, hainbat sari zozkatuko dituzte ekimeneko hemezortzi partidak jokatu dituzten gazteen artean.

Amaitu da Appa Zarautz ekimenaren lehenengo edizioa. Joan den larunbatean jokatu zuten herritarrek galdera-erantzun jokoaren azken partida, baina azken agurra bihar arratsaldean emango diote. Ekitaldi berezia prestatu dute horretarako eta hainbat sari banatuko dituzte hemezortzi partidak jokatu dituzten 14 eta 25 urte bitarteko gazteen artean, betiere ekitaldian parte hartzeko izena eman badute. Atzokoa izan zen horretarako azken eguna.

Gauzak horrela,kulturan, ostalaritzan, dendetan, estetikan eta kirolean erabiltzeko bonoak, sei pertsonentzako surf ikastaroa, 8 pertsonentzako sarrera Irisarri Land parkerako edota Gipuzkako kostaldetik bela ontzian egiteko 8 pertsonentzako bidaia zozkatuko dituzte biharko ekitaldian. 17:30ean hasiko da, Modelo aretoan.

Ekimenaren bultzatzailea izan den udalak jakitera eman duenez, "oso harrera ona" izan du jokoak herritarren artean. Zentzu horretan, datuak ere eman ditu: Mila deskargatik gora izan ditu aplikazioak eta ehunka partida jokatu dituzte egunero. Halaber, gustura azaldu da udala helburua bete duelakoan: "Appa Zarautzen lehen edizio honen bitartez gazte zarauztarrek Garapen Jasangarriko Helburuetara eta Zarautz 2030 Plan Estrategikora gerturatzeko aukera izan dute".