'Planetaren Ordua' ekimenerakin bat egitera deitu du udalak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 25a, 09:00

Ordu betez udal eraikin guztietako argiak itzaliko dituzte "ingurumenarekiko konpromisoa adierazteko" eta gauza bera egitera animatu dituzte herritarrak.

Zarauzko Udalak bat egin du aurten ere klima aldaketaren aurkako Planetaren Ordua ekimenarekin, eta udal eraikin guztietako argiak itzaliko ditu gaurko 20:30etik 21:30era. Besteak beste, Santa Maria la Real Parrokiako, San Frantzisko elizako, udaletxeko, Torre Luzeako, Sanz Eneako eta Villa Mundako eraikinetako argiak itzaliko dituzte eta gauza bera egitera deitu dituzte herritarrak.

Planetaren Ordua ekimenera atxiki nahi duten Zarauzko bizilagunek euren etxeetako argiak eta tresna elektrikoak itzali beharko dituzte aipatutako ordu tartean. Edonola ere, gehiago jakin nahi badute www.horadelplaneta.wwf.es webgunean aurkituko dute beharrezko informazio guztia.

2007an Sidney hirian (Australia) jaio zen ekimena da Planetaren Ordua, Adena WWF erakundea da bultzatzailea eta mundu osoan egiten ekimena da gaur egun. Zentzu horretan, Zarauzko Udalak ere "ingurumenarekiko konpromisoa adierazi" nahi duela esan du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak, klima aldaketaren arazoari irtenbidea emateko neurriak berehalako hartu behar direla aldarrikatzeko: "Planeta bakarra dugu, eta ez dago B planik. Presazkoa da klima aldaketa gelditzeko neurriak hartzea. Munduan zehar ingurumenaren defentsaren aldeko neurriak hartzeko aldarrikatzen dituzten mugimenduak zabaltzen ari dira eta horrek klima aldaketaren arazoa gelditu daitekeenaren esperantza izan daitezke".