Surflari hasiberrientzako olatu lehiakorrak

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 26a, 09:00

Indar Unanue, Ane Cano, Iker Goiria, Aritz Aranburu, Ixidor LarraƱaga eta Adur Letamendia, txapelketaren aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Apirilaren 1ean eta 2an jokatuko dute Zarautz 4Teens gazteen mailako nazioarteko surf txapelketa, Aritz Aranburu surflariak antolatuta. Txapelketarekin batera, asteburu osoko egitarau oparoa prestatu dute. 

Zazpigarren aldiz Zarautz 4Teens surf txapelketa antolatu du Aritz Aranburu surflariak, eta datorren apirilaren 1ean eta 2an jokatuko dute Zarauzko hondartzan, Borghetto parean. Kirol ekitaldi horren xede nagusia da surfeko belaunaldi berriei babesa eskaintzea, lehiaketarako aukera berriak sortuz. Berez, 14 urtetik beherako neska-mutilei zuzenduta dago, eta, guztira, bertako nahiz nazioarteko 130 lagun baino gehiagok parte hartzea espero dute; besteak beste, Italiako, Irlandako eta Alemaniako surflariak bertaratuko dira, etxekoez gain.

"Zarauzko hondartza izan da lehiarako grina sortu zaidan tokia. Hasieran, Pukas familiak antolatzen zuen surf txapelketa herrian, eta arreta handia jartzen nien kanpotik etortzen ziren surflari profesionalei. Orduan piztu zitzaidan kirol honekiko sua, eta ametsa egia bihurtzea lortu nuen profesional egin nintzenean. Beraz, antolatzen dudan txapelketa hau litzateke, nolabait, surfak niri eman didana itzultzeko modua: gaztetxoei txapelketetan barneratzen laguntzea", nabarmendu zuen egitasmoaren aurkezpenean Aranburuk.

Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak eta Ixidor Larrañaga Zarauzko Udaleko Turismo zinegotziak ere parte hartu zuten aurkezpenean, eta horrelako ekitaldi batek duen garrantzia aipatu zuten, «puntu estrategiko» gisa. Era berean, azpimarra berezia egin zuten familia turismoan, desestazionalizazioan eta ingurumenaren balioan. Begi onez ikusi zuten, gainera, ekitaldiak nazioarteko ikuspegia izatea.


Lehiaz harago

Txapelketaren asmoa da, era berean, surfarekin lotutako beste esparru batzuk ikusaraztea eta horien inguruan sentsibilizatzea, hala nola surf egokitua eta ingurumenarekiko babesa. Ildo horretatik, ekintzak ez dira lehiara bakarrik mugatuko, eta hurrengo ostiralean, martxoaren 31n, hasiko dira. Egun horretan desgaitasuna duten pertsonentzako surf saioa izango da, 14:30etatik aurrera: Kind Surf Challenge. Saio horretan, hamabi enpresatako langileek parte hartuko dute.



Hain zuzen, desgaitasuna duten pertsonen egunerokoa hobetzeko tresna terapeutiko gisa erabiltzen du surfa Kind Surf gobernuz kanpoko erakundeak, eta hamargarren urteurrena ospatzen ari dira aurten. Antolatu duten elkartasun txapelketa berezia elkartearentzat dirua biltzeko eta urteurrena ospatzeko aitzakia dela adierazi zuen Aranburuk.

Horrez gain, Crossing Borders eta Kind Surf elkartearen 10 años dokumentalak eskainiko dituzte, eta kontzertuak izango dira. "Arquetypo taldea izango dugu gurean, baita beste talde bat ere, baina hori sorpresa izango da", adierazi dute antolatzaileek.

Apirilaren 1ean, larunbatez, jokatuko dituzte 14 urtez azpikoen, 10 urtez azpikoen eta surf egokitukoen kirol norgehiagokak. Ordutegiari dagokionez, ez dute tarte zehatzen berri eman antolatzaileek, "itsasoaren baldintzen araberakoa" izango delako. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, ingurumen ginkana egingo dute, eta bertaratzen diren guztientzako irekita egongo da.
Igandean, hilaren 2an, txapelketarekin jarraituko dute, eta finalak jokatuko dituzte egun horretan. Arratsaldean, berriz, skate txapelketaren txanda izango da. Zarautz 4Teens egitasmoari amaiera emateko, sari banaketa eta azken argazkia egingo dituzte parte hartzaile guztiekin.