Udalak negutegi propioa jarri du martxan Urteta bidean

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 28a, 14:30
Patxi Elola Lorezaintzako zinegotzia udal negutegian. (Zarauzko Udala)

Ingurumen baliabide berriak sasoiko landareen eta zuhaixken ekoizpenaz gain, pedagogia sustatu nahi du ikasleen artean.

Udal negutegi berria du Zarautzek, eta Urteta bidean dago, Errotaberri industrialdean. Udalak bere ingurumen baliabideen multzoan barneratu du, eta landareak ekoizteko eta berreskuratzeko erabiliko du; nolabait esateko, herrian zehar kokatzen diren lore, zuhaixka eta zuhaitz asko bertan ekoitziko dituzte.

Aspertsio bidezko ureztatze sistemak jarri dituzte bertan, gainazalekoak eta ureztatze lokalizatukoak. Kanpoko gunea hainbat zuhaixka mota landatzeko erabiliko dute, baita herriko hainbat tokitatik kendutako zuhaitzak berreskuratzeko ere. Era berean, material idorrak, lurrak, azalak eta abarrentzako biltegia paratu dute.

Ekoizpenerako ez ezik, negutegiari erabilgarritasun pedagogikoa eman nahi dio udalak. Horrenbestez, herriko ikastetxeekin lankidetzan ekipamendu honen erabilera eskainiko die ikasleei, herrian zehar aurkitzen dituzten lore eta landareen loratze prozesuaren inguruan ikasteko aukera izan dezaten.

Negutegiak izango dituen funtzio anitz horiek azpimarratu nahi izan ditu Patxi Elola Lorezaintzako zinegotziak. Momentuz, lehen landaketak egin dituzte, eta bere esanetan, "udazken eta neguari begira, negutegi honetan ekoitzitako lehen landareak ikusi ahal izango dira herrian zehar dauden udal lorategietan".