SARETZEN

Eli Inestroza: "Etxeetan edo Astin elkartzeko ohitura dugu"

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 5a, 08:55
Eli Inestroza nikaraguarra, joan den astean Zarautzen. (Onintza Lete Arrieta)

Amerikarrek eta, horien artean, nikaraguarrek osatzen dute Zarautzen kanpotarren komunitate jendetsuena. Horietako bat da Kenya Elisabeth Inestroza. Bost urte daramatza herrian, eta bertan ikusten du bere etorkizuna, bikotearekin eta alaba txikiarekin batera.

Kenya Elisabeth Inestroza, Eli lagunentzat, nikaraguarra da, eta 23 urte ditu. Gazte etorri zen Zarautzera, 19 urterekin, orain ia bost urte. "Autobusean jaitsi eta hondartza ikusi nuenean, pentsatu nuen beharbada hemen geldituko nintzela betirako, hau izango zela nire etxea". Hemen izan da ama, bi urteko alaba baitu, eta horrek ere lotzen du Zarautzera.

Izeba Sorian (Espainia) zeukan, eta harengana joan zen Nikaraguatik. "Astebetez berarekin egon nintzen, eta ondoren, urtebetez, Madril inguruan toki askotan ibili nintzen", kontatu du. Mahastietan, tipulak landatzen eta etxe partikularretan adinekoak zaintzen egin zuen lan, eta ez dauka orduko oroitzapen onik. "Urte gogorra izan zen, landa eremuko lanak oso-oso gogorrak direlako", aitortu du. "Ordutik errespetu handia diet arlo horretan lan egiten duten pertsonei; Perukoak eta Ekuadorkoak izan ohi dira, eta meritu ikaragarria dute, oso harro nago haiez".

Madril aldetik Euskal Herrira etorri zen, lana hemen bilatuta. "Azkoitian eta Azpeitian ibili nintzen lanean, baina Zarautzera etorri nintzenetik ez naiz herritik mugitu", nabarmendu du. Bi urtez interna lanetan aritu zen, baina ondoren haurdun gelditu, eta orduzkako lanak egin ditu ordutik. Ostalaritzan ere aritzen da lanean, asteburuetan eta jaiegunetan; alor horretan nahiko luke aurkitu zortzi orduko lana.

Zarautzen gustura bizi dela azaldu du. "Hasiera-hasieratik gustatu zitzaidan. Uztail batean iritsi nintzen. Jendetza zegoen hondartza inguruan, eta izugarri iruditu zitzaidan; ez nuke aldatuko ezergatik". Heritarrekin ere pozik da Inestroza. "Jendea jatorra da, beti laguntzeko prest aurkitu izan ditut. Nire lehengo nagusiarekin ere gelditzen nintzen kafea hartzeko", azaldu du.

Etorkizuna hemen ikusten du. Amaginarrebarekin bizi dira orain, baina nahi luke egunen batean bikotearekin eta alabarekin bakarrik bizi, eta alaba hemen hazten ikusi. "Igeriketara eraman nahi nuke, eta gauza asko irakatsi, hemen aukera asko dituztelako umeek".

Emakumeen Etxea topaleku

Nikaraguar asko dago herrian. Udalaren datuen arabera, 2021ean 408 ziren Nikaraguan jaiotako Zarauzko bizilagunak–hurrengo komunitate handiena argentinarrena zen, 152 pertsonarekin–. Inestrozak azaldu duenez, ez dago nikaraguarren elkarterik, baina hala ere, egiten dituzte juntadizoak. Nueva Segovia probintziako Ocotal herrikoa da bera, eta Zarautzen herrikide asko dituela esan du, baita inguruko herrietakoak ere. "Noizbehinka elkartzen gara. Etxezaleak gara, eta etxeetan elkartzeko ohitura izaten dugu. Bazkaltzeko elkartzen gara, eta udan, Astira joaten gara parrilladak egitera". 

Gainera, Emakumeen Etxearen bitartez ere badu harremana nikaraguarrekin eta hego amerikarrekin. Hura dute topalekua. "Orain asteburuetan lan egiten dudanez ezin izaten dut joan, baina bestela, hogei pertsona inguru elkartzen gara asteburuetan Emakumeen Etxean. Hainbat herrialdetakoak elkartzen gara: Nikaragua, Kolonbia, Honduras, Guatemala... Eta elkarri laguntzen diogu lan kontuekin eta".

Jan-edana eramaten dutela azaldu du, eta Emakumeen Etxeko dinamizatzaileek ere erraztasun asko ematen dizkietela kontatu du: "Abestu eta dantza egiten dugu, jan eta edan... Oso polita izaten da, egia esan".

Emakumeen Etxea dute topaleku, Zarautzen dauden nikaraguar gehienak emakumezkoak direlako. "Zaintza lanetara etortzen gara ia denok, eta beraz, emakumeak gara gehien-gehienak. Gero, emakume horiek beren bikoteak eta seme-alabak ekartzen dituzte, noski".