SARETZEN

Nikaraguarra eta emakumea da Zarauzko atzerritarra

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 5a, 08:55
Munduko mapa.

INEk eta Zarauzko Udalak emandako datuen arabera, 2021ean 1.965 atzerritar bizi ziren Zarautzen, biztanleriaren %8,6. Komunitate jendetsuena, dudarik gabe, nikaraguarrena da, 408 pertsonarekin, eta ondoren argentinarrena 152 pertsonarekin eta kolonbiarrena, 110 pertsonarekin.

Zarautz hazten joan da azken hogei urteetan, baina mantso, eta atzerritar kopuruak ere gora ildo berean egin du. 2002an 21.680 biztanle eta 767 atzerritar bazituen herriak, 2021ean, 23.101 biztanle eta 1.965 atzerritar zituen (%8,6), INEk emandako datuen arabera.

Eskualdearekin alderatuta, atzerriko nazionalitatea duten herritarren ehunekoa ez da oso altua. Bost herrik portzentaje altuagoa dute, beheko grafikoan ikus daitekeenez. Zarauzko etxebizitzen eta alokairuen prezio altuek eragindakoa izan daiteke alde hori.

Jatorriari dagokionez, herrian bizi diren atzerritar gehienak Amerika kontinentekoak dira, eta Zarauzko Udalak emandako datuen arabera, nikaraguarrek osatzen dute komunitate handiena, nabarmen gainera. Izan ere, 408 nikaraguar zeuden herrian 2021ean. Hurrengo komunitate jendetsuena argentinarrena zen, 152 pertsonarekin, eta hirugarrena, berriz, kolonbiarrena, 11o pertsonarekin.

Aipatzekoa da, halaber, Zarautzen Amerika kontinenteko emakume gehiago daudela gizonezkoak baino. Dena den, INEk nikaraguarrak multzo handiago baten barruan sartzen ditu, eta ezin da jakin komunitate horretako zenbat gizonezko eta zenbat emakumezko dauden zehazki Zarautzen.

Pentsatzekoa da, ordea, kontinente horretako joerarekin bat datorrela Nikaraguakoa. Izan ere, batez ere zaintza lanetara etortzen dira Euskal Herrira herrialde horietako langileak, eta lan arlo hori, ia ehuneko ehunean, emakumezkoek betetzen dute.

 

 

Hain zuzen, hedabide honek bi emakume atzerritarren istorioak bildu ditu datuak osatze aldera: Eli Inestroza nikaraguarrarena, eta Malvina Tapia argentinarrarena.