Herriko lorategien historia biltzen duen liburua aurkeztu dute

Aiora LarraƱaga Solaberrieta - Usua Garin 2023ko api. 3a, 14:05

Liburua testuz eta argazki zaharrez osatuta dago, eta aukera ematen du "garai bateko Zarautz ezagutzeko eta lorategien bitartez herriak izan duen bilakaera ikusteko".

Zarauzko lorategiek gordetzen duten historia "luze eta oparoa" herritarrei helarazteko asmoz, Zarauzko Udalak liburua argitaratu du. Lanarekin Zarauzko lorezaintzaren historiaren laburpen bat eskaini nahi dute eta Zarauzko lorategien "urrezko garaia" deiturikoa ere ezagutarazi nahi dute herritarren artean. "Lorategiak herriaren kultur ondarea dira. Herria laua denez, lorategi asko izan ditugu Zarautzen historian zehar, eta horietako askoren aztarnak oraindik ikus daitezke", azaldu zuen Patxi Elola lorategien zinegotziak aurkezpenean. Hala, gaia testuinguruan kokatzeko proiektuaren hastapenak ere izan zituen hizpide Elolak . "Jabier Agirregabiriak emandako hitzaldi batean ezagutu nuen Pascual Madozek Zarautzen historian izan zuen garrantzia, eta politikari horrek herriari egindako ekarpena ezagutarazi nahian abiatu genuen proiektua. Politikariak Zarautzen pasatzen zituen udak eta berak sustatu eta finantzatu zituen herriko lehen azpiegitura publikoak: errepideak, ur-hornidura, Zarauzko moila... Horrez gain, industria garatzen ere lagundu zuen", azaldu zuen Elolak.

Liburua argazki zaharrez osatuta dago, eta aukera ematen du "garai bateko Zarautz ezagutzeko eta lorategien bitartez herriak izan duen bilakaera ikusteko". Horrez gain, Elolak gogoratu zuen zarauztar familia asko izan zirela bere garaian lorezainak. "Aurreko mendean lorezaina izatea ez zen gaur egun dena, ordea, garaiko lorezainek lorategiko lanak egiteaz gain, urte osoan zehar udatiarren etxeak eta palazioak zaintzen eta mantenu lanak egiten baitzituzten".

Garai desberdinetako lorategien aztarnak

Xabier Alberdi Lonbide historialariak landu du gaia eta Elolak aurkezpenean aitortu zuen "lan bikaina" egin duela. Alberdik bere aldetik eskerrak eman zizkion Zarauzko Udalari herriko lorategien historia ikertzeko aukera emateagatik. "Ikerketa herritarrek ulertzeko moduan aurkeztu dugu liburuan, eta horregatik eman diegu garrantzia argazkiei. Lorategiak artelan bat dira eta hala aldarrikatzen dugu liburuan. Ohituta gaude arkitekturan, artean edo literaturan oinarritutako historiak irakurtzera, eta hemen lorategietan oinarritu gara herriaren historia aztertzeko", argitu zuen.

Zarauzko lorategi asko galdu egin badira ere, Alberdik aitortu zuenez, "zortez" oraindik ere garai desberdinetako lorategien aztarnak ikus daitezke herrian. "Oso leku gutxi daude azken mila urtean paseo bat egiteko aukera ematen dutenak lorategiz lorategi. Hau da, gaur egun oso lorategi ederrak topatu ditzakegu Versallesen (Frantzia), baina bertan ez dugu izango XIX. mendeko edo Erdi Aroko lorategirik. Zarautzen, berriz, aukera dugu herriko hainbat kokagunetan geratu diren lorategien aztarnak ikusteko. 1237an hiribildua sortu urretik lorategi erabilera zuten eremuak badira oraindik, parroki ingurua eta zimitorioa, esaterako. Jauntxoek eraiki zituzten jauregietako lorategiak ere ikus daitezke, adibidez Narros jauregia. Herriko alde zaharreko etxeek ere beren etxe atzeetan bazituzten baratza-lorategiak, eta horietako bat publikoa da gaur egun, Torre Luzea ingurukoa. Horrez gain, mantentzen dira baita ere XVII. mendeko komentuek zituzten jardinen aztarnak", zehaztu zuen Alberdik aurkezpenean.

Elolak bezala, Zarauzko lorategien "urrezko aroa" ere aipatu zuen Alberdik. "Urrezko aroa izan zen XIX. mendean. Pascual Madoz politikari nafarra 1947an iritsi zen Zarautza, bere alabaren osasun arazo bat konpondu nahian. Alabari biriketako gaixotasuna sendatu zitzaion hemen, eta erabaki zuen Zarautzen etxea eraikitzea, hori izan zen herrian udatiarrek eraikitako lehen etxea". Lehen etxe horrek hirigintza arloan aldaketa ekarri zuen, Alde Zaharrean bilduta zegoen herria zabaltzen hasi zelako Mendilauta aldera. "Madoz izan zen turismoaren bultzatzailea ere, berak ekarri zuelako erregina herrira. Erregina etorri zen milaka pertsonako lagun-taldearekin, harekin batera etorri zirelako gortea, zerbitzariak, guardiak, militarrak. Horietako asko Zarautzez maitemindu ziren eta erabaki zuten bertan etxea egitea".

Liburuaren 500 ale argitaratu ditu Zarauzko Udalak eta herriko elkarte, eragile eta hezkuntza zentroetan banatuko ditu. Herrian geratzen diren lorezainei ere emango zaie liburu bana, herrian aitzindari izan zirenen lana ezagutu dezaten. Herritarren batek liburua eskuratu nahi balu, berriz, Herritarren Arreta Zerbitzuan eskaera egin beharko du.