ELKARRIZKETA

"Gure seme-alabak guk aukeratutako eskolan nahi ditugu"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko api. 6a, 15:38

Ezkerritik hasita Jon Jonsansoro, Alazne Aizpuru, Enara S. Martiarena eta Pedro Zaraterekin

Martxoaren hasieran Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolan seme-alabak matrikulatu zituzten zortzi familia beste zentro batera bideratu ditu Hezkuntza Sailak. Gaia sakonago ezagutzeko, Jon Jonsansoro, Alazne Aizpuru, Enara S. Martiarena eta Pedro Zaraterekin hitz egin du Hitzak.

Hezkuntza Lege berria aplikatuta, Eusko Jaurlaritzak datorren ikasturterako 2 urteko gelako zerrendak argitaratu zituen. Zer gertatu da Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolan?

Enara S. Martiarena: Matrikulazio kopurua esleitzerako orduan, aurreko urteko jaiotza tasa erabili du Hezkuntza Sailak. Gure seme-alaben urtean, ordea, jaiotza kopurua asko hazi zen Zarautzen. Ikastolan pasa den ikasturtean 40 haur matrikulatu baziren, aurten 55 matrikulatu dira, baina Eusko Jaurlaritzak 50 postu bakarrik esleitu dizkio Ikastolari. Guk eskatzen duguna da hirugarren gela bat ematea, 55 umerekin hirugarren gela izateko gutxieneko kopurua betetzen dugulako. Ez dugu faborerik eskatzen, legea betetzea baizik.

Haur batzuk kanpoan uzteko arrazoirik eman al du Hezkuntza sailak?

Alazne Aizpuru: Ez, itxaron zerrendan agertzen dira haurrak lehenengo aukeran eta bigarren aukeran onartuak izan direla zehazten du soilik. Irizpide jakin batzuetan oinarritutako puntuazioa jaso dugu familiok, eta ikus daiteke zeren arabera jaso ditugun puntuak. Puntuazio bera duten familien artean zozketa bat egin da; hau da, gu sei punturekin kanpoan geratu gara, baina badaude familiak sei punturekin onartuak izan direnak.

Eusko Jaurlaritzaren matrikulazio sistema berriaren helburu nagusia da zaurgarritasun egoeran dauden haurrak zentro desberdinetan banatzea. Zentzu horretan egon al da ikasle trukerik?

Jon Jonsansoro: Bai, zentzu horretan aldaketa batzuk egon dira, baina argi utzi nahi dugu gu horren aldekoak garela. Gure helburua da Ikastolan matrikulatu diren 55 ikasleek tokia izatea Ikastolan eta horretarako hirugarren lerroa sortzea.

A.A.: Ikastolan postu batzuk gordeta daude egoera zaurgarria bizi duten haurrentzat, eta kasu honetan libre geratu da horrelako plaza bat, egunen batean zaurgarritzat hartutako familia batek eskatuko balu. Guk guztiok jakin dugu ez garela zaurgarriak, toki bat libre egonda ere, kanpoan geratu garelako. Baina, egoera honetan ez gaude familia zaurgarrientzat tokiak gorde direlako, gu horren aldekoak gara; hau gertatu da 50 ikasleko muga zehaztu dutelako Ikastolarentzat. Ildo horretan, uste dugu hirugarren lerroa sortzeko aukera emango balu Hezkuntza Sailak, etorkizunean herrira iristen diren familia zaurgarriak zein ez zaurgarriak hartzeko ahalmena izango lukeela Ikastolak.

Asteartean bukatu zen erreklamazioak sartzeko aukera. Alegaziorik sartu al duzue?

E.S.M.: Ikastola bere bidea egiten ari da, eta kanpoan geratu garen zortzi familiok erreklamazioa sartu dugu, guztiok eskaera bera eginaz. Horrez gain, onartuak izan diren 50 familien babesa ere izan dugu, eta eurek ere erreklamazioa sartu dute hirugarren gela irekitzeko eskatuz. Beranduenez, apirilaren 20an iritsiko da erantzuna.

Hemendik aurrera zein urrats emango dituzue?

A.A.: Asteartean udaleko Hezkuntza zinegotziarekin bilera izan genuen udaletxean, Gipuzkoako ordezkariarekin tratu zuzenagoa duenez, gure kezkak plazaratu eta gure nahia zein den azaltzeko. Prestutasunez agertu da zinegotzia, eta aipatu zigun gure egoera ezagutu zuenean, harremanetan jarri zela Hezkuntza Saileko ordezkariekin. Esan digu saiatuko dela gaia bideratzeko bitartekari lana egiten.

Onartuak ez zinetela jakitea ezusteko handia izan al zen?

E.S.M.: Kolpe handia izan zen, eta albistea jaso genuenean, denok lur jota geratu ginen, esperantza gutxirekin. Hurrengo egunean, ordea, bilera egin zen Ikastolan, eta ikaragarrizko babesa jaso genuen beste gurasoengandik. Horrek eman digu indarra borrokatzeko eta ahal dugun ate guztiak jotzeko.

A.A.: Ohartu ginen ez geundela bakarrik. Jende pila bat bildu zen, eta guztiak zeuden laguntzeko prest, zer egin eta nora jo genezakeen proposatuz. Hori izan zen guretzako motorra antolatu eta ateak jotzen hasteko abiapuntua.

E.S.M.: Eskertu nahi diegu beste familiei, Ikastolako langileei eta batzordeko gurasoei, lan pila bat egiten ari direlako egoera hau konpontzeko.

Aurten zuek izan zarete kaltetuak, baina izan liteke hurrengo ikasturtean herriko beste zentroetako gurasoei tokatzea. Guraso bezala, garrantzitsua al da seme-alabak norberak aukeratutako eskolara eramateko eskubidea bermatuta izatea?

A.A.: Eskola bakoitzak bere balioak, metodologia, antolaketa modua eta azpiegiturak eskaintzen ditu, eta gurasook aukeratzen dugu zentroa norberari garrantzitsuak iruditzen zaizkion irizpideak kontutan hartuta. Horregatik, oso gogorra da gure seme-alabek aukeratu dugun ikastetxe horretan ikasteko aukerarik ez izatea. Azken egunetan komunikabideetan aipatu dute oso ehuneko txikia izan dela nahi izan ez duen eskolara bideratu dena, baina ez da esaten matrikula egiterakoan bigarren aukera bat egitera "derrigortzen" gintuztela, "badaezpada ere". Guk aukera bat baino gehiago jarri genuenez, ulertzen dute guk aukeratutako eskolara joango direla gure seme-alabak; baina ez da egia, gure lehen aukera beti izan delako Ikastola, eta bigarren aukera jarri genuen jarri behar zelako.

E.S.M.: Datuak nahiko tranposoak dira. Esan dute 270 familia bideratu direla aukeratu ez duten eskola batera, baina horiek dira bigarren aukera jarri ez zutenak. Gu, esaterako, ez gaude datu horren barruan, baina egoera aldatzen ez bada, gure seme-alabek ez dute ikasiko guk nahi dugun eskolan. Gure kalkuluen arabera, 700 familiatik gora gaude egoera horretan. Gutaz aparta, Zarautzen ezagutzen dugu beste kasu bat; horrek eskola kontzertatu batean egin zuen eskaera eta beste batean onartua izan da.

J.J.: Egoera hau guztiontzat da zaila, eta Zarauzko gainontzeko ikastetxeetako hezkuntza komunitateei besarkada bat bidali nahi diegu. Badakigu antzeko egoerak bizi dituztela eta gaiarekin kezkatuta daudela. Badakigu baita ere herriko ikastetxe guztiak ari direla ahalegin handia egiten segregazioa gainditzeko eta euskara sustatzeko.