Klima aldaketaz eta "kolapso globala" saihesteaz ariko dira datorren astean

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 11a, 09:46
Eneko Olabarrieta eta 'We the power' dokumentalaren kartela.

Arkamurka natur taldeak dokumental-solasaldia antolatu du apirilaren 20rako. Energia gaietan aditua den Eneko Olabarrietak eskainiko du hitzaldia, Modelo aretoan.

Klima aldaketa eta "kolapso globala" saihesteaz ariko dira apirilak 20an, ostegunarekin, Modelo aretoan antolatu duten dokumental-solasaldian. 19:00etan da hitzordua, eta Arkamurka natur taldeak herritar guztiak gonbidatu ditu bertan parte hartzera.

We the Power izeneko dokumentala botako dute aurrena, eta ondoren, Klima aldaketa saihesteko egun dauden alternatibak gaitzat hartuta, hitzaldia eskainiko du Eneko Olabarrieta energia gaietan adituak.

Hitzaldiaren ondoren, entzuleek galderak eta iritziak plazaratzeko aukera izango dute.

Filmari buruz, antolatzaileek azaldu dute tokiko kooperatiba prozesu batzuk azaltzen dituela: "Alemaniako ohian beltzean, Gironako antzinako kaleetan eta Londresko hiriko teilatu lauetan bizi izandako tokiko kooperatiben prozesua kontatzen du, energia berriztagarrien iraultzarako bidea irekitzen duten eta finantza arloan osasungarriagoak eta egonkorragoak diren komunitateak eraikitzen dituzten bitartean. Imajina ezazu energia sistema tradizionala aldatzen duzula eta zure bizilagunei itzultzen diezula energia garbia ekoizteko ahalmena. We the Power filmak lagun, familia eta ameslariei jarraitzen die beren ahaleginean, lege oztopoak eraitsi eta energia-konpainia handiei boterea kentzeko, tokian tokikoen esku jartzearren".