Herriko ikastetxeak, Eraztun Berde Urdinean proiektuak garatzen

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 15a, 08:15
Ikasleak Eraztun Berde Urdinean barrena. (Zarauzko Udala)

Ikasleek aldiro-aldiro irteerak egin beharko dituzte eremu zehatz bateko biodibertsitatea aztertzeko, behaketak egiteko eta arazoak antzemateko. Zarauzko Udalak abiatu du proiektua ikastetxeekin, Eskolako Agenda 2030 egitasmoaren barruan, "herriko ikasleak natura babestearen inguruan sentsibilizatzea eta naturaz gozatzea helburu hartuta".

Zarauzko Udalak, Eskolako Agenda 2030 egitasmoaren barruan, ingurumen proiektua abiatu du herriko bost ikastetxeekin, horiek Eraztun Berde Urdinean garatzeko. Hala, Ingurumen departamenduak azaldu du ikastetxe bakoitzari Eraztun Berde Urdineko zati bat eman dietela, ikastetxeen hurbiltasun fisikoaren arabera: Salbatore Mitxelena Ikastolari Iñurritza-Talaimendi bidea egokitu zaio; Orokieta Ikastetxeari Irita–Astiko hezeguneak eta Buztinzuriko haltzadia; Lizardi Institutuari, Buztinzuriko haltzadia eta Arizia ingurua; Antoniano Ikastetxeari eta Oteiza Lizeo Politeknikoari, Arkamurka ibilbidea; eta, azkenik, La Salle Ikastetxeari eta Monte Albertia LHII-ri Igerain–Hiruerreketa eta Vista Alegreko parkea.

Proiektuaren helburua da herriko ikasleak natura babestearen inguruan sentsibilizatzea eta horiek naturaz gozatzen ikastea. Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak eman ditu azalpen zehatzagoak: "Helburua da ingurumenarekiko sentsibilizazioa lantzea eta ikerketa, zaintza eta iritzi kritikoa bezalako konpetentziak garatzea. Ikasleen lana izango da aldiro-aldiro irteerak egitea eremu horietako biodibertsitatea aztertzeko, behaketak egiteko eta arazoak antzemateko". Lan hori egiteko Eraztun Berde Urdineko teknikari arduraduna "laguntza eskaintzen" ari zaiela azaldu du udalak, "beharrezko materiala eta aholkularitza ematen, eta ikastetxeen arteko zubi lana egiten".

Ikastetxeen jarrera eskertuz

"Ikastetxeei beren jarrera ona eskertu nahi diegu, hasieratik gogo onez eta interes handiz onartu baitzuten gure proposamena", gaineratu du Vazquezek.

Bestalde, PSE-EEko zinegotziak gogorarazi du udalak Eraztun Berde Urdina mantentzeko lanak egiten dituela aldian-aldian: "Aldizkako ikuskapenak eta beharrezko lanak egiten ditugu eraztuna garbi edukitzeko, bideak mantentzeko, landare inbaditzaileak kentzeko, kalteak konpontzeko eta behar diren hobekuntzak egiteko".