Itsasoaren defentsa eta babesaren alde lan egiteko erakundea sortu dute

Andrea Zipitria 2023ko api. 15a, 10:32
Iniziatibaren aurkezpenean hainbat eragile itsasontzi batean. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Eskualdeko hainbat entitate ari dira parte hartzen. Erakundearen sorreraren helburua da organizazio horiek guztiak itsasoari buruz duten ezagutza baliostea, haren defentsa eta babesaren alde lan egiteko.

MATERek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidrauliko Departamentuarekin elkarlanean, Itsas Zaintza Sarea sortu berri du. Gipuzkoako hainbat itsas entitatek osatzen dute erakundea, eta helburu du horiek guztiak itsasoari buruz duten ezagutza balioestea, haren defentsa eta babesaren alde lan egiteko.

Tartean dira itsasoarekin harreman estua duten eskualdeko hainbat organizazio: Zumaiako Taosa Igeriketa Kluba, Orio Arraunketa Elkartea, Zarauzko Shelter Surf Eskola eta Essus Surf Eskola eta Zumaian eta Orion kokatutako Begi Bistan esperientzia enpresa.

Guztiek zainketa eta defentsarako hainbat ekintza jarriko dituzte martxan. Alde batetik, eragile parte hartzaile guztien ezagutza jasoko dute eskuorri batean, itsasoaren ingurumen-egoera itsas ingurunetik kanpo zabaltzeko eta herritarrek ekosistema osasuntsu baten alde egiteko. Bestalde, tokiko erreferentzia horiek landuko dituzte, horien ingurumen jardunbide egokiak ezartzen lagunduz eta kide diren entitateei ingurumen sentsibilizazio baliabideak eskainiz.

Antolakuntzak adierazi duenez, balio horiek partekatzen dituen Gipuzkoako edozein entitatek bat egin dezake iniziatibarekin, modu aktiboan parte hartuz edo lankidetzan.