'Kangaroo' olerki liburu berria argitaratu du Martin Etxeberriak

Aritz Mutiozabal 2023ko api. 19a, 11:00
Martin Etxeberria idazlea 'Kangaroo' liburuarekin, atzoko aurkezpenean. (Elkar)

Erosotasun eremutik aldendu eta ezkutatu nahi izaten diren gauzen inguruan aritu da idazle zarauztarra bere bosgarren poemategian.


Martin Etxeberriak Kangaroo bere bosgarren poesia liburua aurkeztu zuen atzo Donostian, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren editorea lagun zuela. Bere aurreko lanean, Winston izenekoan, abiatutako ildoa sakondu du idazle zarauztarrak, eta kasu honetan gehiago ausatu da ezkutuko gauzei aurrez aurre begiratzera. Izan ere, "barruan ditudan gauza horiek askotan denok begiratu nahi ez ditugun gauzak izaten dira, ezkutatu nahi izaten ditugunak".

Hori guztia hiztegi aberats, kontatzeko modu dotore, baina aldi berean ilun nahiz misterio ukituarekin landu duela jakitera eman zuen editoreak. Askotan, gainera, surrealismora joaz, baina "nortasun handiarekin". Poemategian zehar errepikatzen diren irudi batzuk badira, hala nola erlijioa, mina, sexua eta heriotza. "Zentzu horretan, nire erosotasun eremutik aldentzen saiatu naiz”.

Liburuaren sarreran egileak argitzen du lan berriaren izenburuaren nondik norakoa: Cook kapitaina Australiara iritsi zenean, bere espedizioko botanikoak, jauzi handiak egiten zituen piztia seinalatuz, haren izenaz galdetu omen zien bertakoei, eta hauek “Kan ghu ru” erantzun. “Kangaroo” bataiatu eta hala ezagutzen da geroztik animalia, nahiz “Kan ghu ru” hitzek “Ez dizut ulertzen” esan nahi duten jatorrizko hizkuntzan.