"Bulkadek eta esperimentazioak gidatuta sortzen ditut artelanak"

Jabi Gonzalez Toston 2023ko api. 21a, 12:00

Jurgi Olaizola 'Txili', Arkami estudioan. (Aritz Mutiozabal)

Irten barrura erakusketa zabaldu berri du Jurgi Olaizola Txili-k (Zarautz, 1981) Arkami galerian. Lehenengoa du zazpi urteren ondoren, eta bere ibilbideko hirugarrena.

Zerk bultzatu zaitu mostra zabaltzera?

Jaio nintzenetik margotu, zirriborratu eta zikindu izan dut, eta gauzatu ditudan Arte Ederren ikasketek ere horretan sakontzeko balio izan didate. Horrez gain, banuen beste zerbait egiteko grina 2016an Lukas ardotegian azken erakusketa zabaldu nuenetik, baina ez dut lortu aurkitzea lanak garatzeko behar den nahikoa denbora. Arkami galeriako kideekin hitz eginda, han erakusketa zabaltzeko erronka jarri nion nire buruari, eta horrek eman dit behar nuen bultzada.

Beraz, denbora falta izan da zazpi urteko tartean erakusketarik zabaldu ez izanaren arrazoia? Edo blokeatuta ere egon zara inspirazio aldetik?

Inspirazioa lanean ari zarela aurkitzen omen da; hala esan zidan baten batek, eta nire kasuan hala izan da. Hiru seme-alaba txiki ditut, eta haiei eskaini diet denbora gehiena azken urteetan.

Argi dago aurten, bai, aurkitu duzula zure ideiak garatzeko behar zenuen denbora hori. Lanik gehienak 2023koak dira.

Azken sorkuntzak bildu ditut erakusketan batez ere, eta Jon Benitoren Lagun minak poema liburua izan da lanak garatzeko haria. Dena den, lan zaharragoak ere badaude ikusgai erakusketan. 2016ko erakusketako margolan bat da abiapuntua, eta handik abiatuta, ibilbide bat osatu dut, ordutik hona egindako esperimentazio eta jolasekin.

Nik bulkadaka funtzionatu izan dut beti sortzeko garaian, barruan dudana ateratzeko baliatzen dut pintura; 2016an musika hartu nuen ardatz esperimentatzeko aitzakia gisa, eta oraingoan, aipatutako poema liburua. Benitoren poemetatik ateratako ideiek edota hitzek iradokitzen zidatena jaso dut, eta margolanetako asko poemen izen berarekin izendatu ditut.

Beraz, nolabaiteko atzera begiradan aurkitu duzu behar duzun bulkada oraingoan. Aspalditik duzu laguna Benito, Vladimir Brigada literatur taldeko kide izan zineten biok.
Bizipenek gidatzen eta hezten gaituzte eta prozesu piktorikoetan ere aurrez egindako lanek pisua dute. Horregatik, oraingoan ere badu zeresana aurrez jasotakoak edo ikasitakoak.

'Txili' asteazkenean zabaldu zuen 'Irten barrura' erakusketaren inaugurazioan, bisitariei azalpenak ematen. (Jabi Gonzalez Toston)


Alde handia al dago lan batetik bestera?

Bai, desberdinak dira, baina aldi berean, antzekotasunak ere badituzte, eta, esan bezala, badago guztiak lotzen dituen hari gidari bat ere.

Hari horrek egin dituzun esperimentazioen ibilbidea garatzen duela aipatu duzu lehen. Teknika desberdinak baliatu al dituzu?

Denetarik dago. Margolan batzuk mihisean eginak dira, beste batzuk taula gainean... Horrez gain, koloreak lantzeko erabili ditudan materialak ere orotarikoak dira: pigmentuak, akrilikoak, hauts desberdinak, hondarra edota zementua. Bolumena lortzeko eta erliebeak lantzeko, berriz, iztukua erabili dut asko.

Esperimentazioari lotuta, koadro beltz bat ere jarri duzu galeriaren atarian. Zergatik?

Jolaserako, eta, aldi berean, hausnarketa bultzatzeko. Margolan bat ikusten dugunean beti aurkitu nahi izaten diogu esanahia. Bakoitzak bere interpretazioak egiten ditu barruan duenaren arabera, eta hondo beltz soil batek are irekiagoa bihurtzen du galdera. Gainera, hondo beltz horri beltzez gehigarriak egiteko asmoa dut testurak eta formak emanez, iradokizun hori adierazgarriagoa bihurtzeko.

Hamar margolanekin osatu duzu erakusketa, baina eskultura bat ere jarri duzu. Zer dela eta?

Ez du lotura zuzenik erakusketarekin, baina esanahi berezia du niretzat, eta plazaratu egin nahi nuen. Urte hasieran amona hil zitzaigun, eta hura bizi izan zen Txiliku baserriko atetik sortu dut eskultura. Aspalditik nuen atea jasota, banuelako zerbait egiteko asmoa, eta amona hil ondoren ekin nion. Hori da Arkami galerian jarri ditudan lan guztien artean salgai ez dagoen bakarra.