Maiatzaren 5etik 7ra egingo dute aurtengo Literaturia

Jabi Gonzalez Toston - Gorka Eizagirre 2023ko api. 22a, 12:00

'Eten' da antolatzaileek aurtengo ediziorako hautatu duten gaia, eta, Iruñeko Karrikiri elkarteari egingo diote aitortza. Ohi bezala, kultura eta literatura sustatzeko ekitaldi ugari izango dira ostiraletik igandera bitartean.

Hamargarrenez hartuko du Zarautzek Literaturia ekimena, eta antolatzaileek maiatzeko lehenengo astebururako jarri dute hitzordua, aurten. Oraingoan ere, askotariko ekitaldi eta espazioak prestatu dituzte literatura zaleen gozamenerako. Lege Zaharren Enparantzan kokatuko duten karpan eta Modelon izango dira gehienak, baina Etxezabalara ere zabalduko dute festa haurrei zuzenduriko gunea eskaintzeko.

Hala, maiatzaren 5ean 20:00etan zabalduko ditu ateak Literaturiak Jon Benitok idatzitako manifestu irakurketarekin. Ondoren, Literaturiarako espresuki sortutako Azken oturuntza ikuskizuna eskainiko dute berau sortu duten Aner Euzkitzek, Leire Vargasek eta Oihana eta Haizea Aranak.Antolatzaileek aurreratu dutenez, ikuskizuna bat dator aurtengo ediziorako hautatu duten gaiarekin. 'Eten' aditza, alegia.

Liburu azoka, berriz, biharamunean, larunbat goizean, inauguratuko dute eta ordutegi hauxe izango du: 11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara larunbatean, eta 11:30etik 14:00etara igandean. Halaber, liburu aurkezpenak ere izango dira horretarako atondutako Ahotsenea gunean.