'20.000 especies de abejas' ikusteko parada izango da asteburuan

Aritz Mutiozabal 2023ko api. 22a, 09:00

Modelo aretoan eskainiko dute Estibaliz Urresolaren film saritua, gaurtik astelehenera bitartean.

Estibaliz Urresola laudioar zinemagileren 20.000 especies de abejas lehen film luzea asteburu honetan iritsiko da zinema aretoetan, baita Modelo aretoan ere. Zinema jaialdietan arrakasta handia izan duen lana izan da, kritika paregabea izan duena. Berlinaleko Sail Ofizialean estreinatu zuten, eta Sofia Otero aktore basauriarrak antzezpen onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen bertan egindako lanagatik. Era berean, film onenaren Urrezko Biznaga lortu zuen Malagako Zinemaldian.

Trans haurrei buruzkoa da filma, eta Coco zortzi urteko neskatoaren istorioa kontatzen du, bere genero-identitatearen bila dabilena. Bere inguruko guztiek Aitor deitzen diote, baina ez du bere burua ezagutzen izen horretan, ezta besteen begiradan ere. Bere ama Anek, krisi profesional eta sentimentalean murgilduta, oporrak aprobetxatuko ditu bere hiru seme-alabekin amaren etxera bidaiatzeko. Bertan, Lita ama eta Lourdes izeba bizi dira, erleak haztearekin eta eztia ekoiztearekin hertsiki lotuta. Uda honetan, bizitza aldatuko zaienez, hiru belaunalditako emakume horiek beren zalantza eta beldurrei aurre egin beharko diete.

Apirilak 22, larunbata
19:15. 20.000 especies de abejas
22:15. 20.000 especies de abejas

Apirilak 23, igandea
19:15. 20.000 especies de abejas

Apirilak 24, astelehena (ikusleen eguna)
17:00. 20.000 especies de abejas
19:30. 20.000 especies de abejas