'Figaroren ezkontzak' opera emango dute etzi iluntzean Modelon

Jabi Gonzalez Toston 2023ko api. 25a, 14:00

Bideo formatuan eta jatorrizko hizkuntzan eskainiko dute iazko urtarrilean grabatutako The Royal Opera House konpainiaren ikuskizuna.

Operaz gozatzeko parada izango da ostegun arratsaldean Zarautzen; izan ere, Londresko The Royel Opera House Le Nozze Di Figaro lan ezaguna ekarriko dute Modelo aretoko pantaila handira. 19:45ean hasiko da lau orduko iraupena izango duen emanaldia eta jatorrizko hizkuntzan –italieraz– eskainiko dute gazteleraz azpititulatuta. Tartean, atsedenaldia izango da, hori bai.

Esan bezala, ikus entzunezko formatuan emango dute iazko urtarrilean grabatu zituzten irudiak erabilita. Musikari lotuta, bestalde, azpimarratzekoa da Wolfgang Amadeus Mozart musikagile ezagunarenak direla piezak eta, besteak beste, Riccardo Fassik edota Giulia Semenzatok jarriko dietela ahotsa abestiei; izan ere, aipaturiko bi artistak dira oporako protagonista nagusiak. Ezkontzear diren Figaroren eta Susanaren pertsonaiak gorpuztuko dituztenak, hain justu ere. Zuzendaria, berriz, David McVicar.