Gutuna

Iñurritza biotopoan golflariak, katuak eta txakurrak kabiak zapuzten ari dira

Erredakzioa 2023ko mai. 6a, 12:00

Iñurritzako Biotopoan izaten diren jokabide okerren inguruan ondorengo gutuna helarazi du Arkamurka natura taldeak Zarauzko Hitzara.

Goizero-goizero, eguna argitu orduko, agertzen dira txakurrak golfaren ondoko hondartzan (araztegi aurrekoan). Biotopoko sarreretan dauden karteletan ondo adierazten da eremu hori itxita dagoela eta txakurrak lotuta eraman behar direla. Arkamurka natura elkarteak urteak daramatza eremu horrek hegaztien migraziorako duen garrantzia erakusten. Sasoi honetan, esaterako, barruko hondartza horretan txirritxo txikiak (Kulixka txikiak) kumatzen ari dira. Esan beharrik ez dago kabi horiek arrisku bizian daudela, jolastera sartzen diren txakur horien eta piloten bila etengabe hurbiltzen diren golf jokalarien ondorioz.

Kale katuena ez da arazo txikiagoa. Inork kontrolatzen ez dituen eta Iñurritzako auzoan jaten ematen zaien katuak etengabe bisitatzen dituzte dunak ez ezik, padura eta ur-gezako putzuak (Talai mendi osoan egingo dituzten pikardiei buruz zer esan!). Azkenaldian eztabaida bizia eragiten ari den kontua da kale katuen kontrola. Zientzialariek frogatu dutenez, kale katuak dira eremu urbanizatuetatik gertu hegazti eta ugaztun txikien etsai handienak. Katu horiek kontrolatzeko programak bideratu dituzte herri askotan, Zarautzen ere bai: jaten emateko lekuak zehaztea eta irentzea da administrazioaren proposamena. Baina programa horien eraginkortasun eza eztabaidaezina da; ugaltzea ez ekiditeaz gain, irenduta ere, katu horiek ehizarako sena ez dutelako galtzen.

Basabizitza ez da bateragarria kale katuen presentziarekin. Natur kontserbazioaren mesedetan adituek hamaika aldiz eskatu bezala, lehentasuna duen eta presazkoa den egitekoa da kale katuak harrapatu eta zainduak izango diren espazio itxietara eramatea. Urtero, milioika dira hiltzen dituzten animaliak.

Ehizak eta arrantzak ardura handia izanagatik. Argi dago, arazoa konpontzea baino, errazagoa dela arazoari aurrea hartzea; horregatik eskatzen zaigu herritarroi irmoki, maskotak eremu naturaletan ez askatzea.

Beraz, argi geldi bedi herritarron jarrerak bermatuko duela Biotopoko natur ondarearen kontserbazioa, eta horregatik daramatza urteak Arkamurkak herritarrei eremu horretan gordetzen den natur ondarea ezagutarazten.

Baina herritarron ahalegina ez da nahikoa. Administrazioen laguntza behar dugu, batez ere, jokabide txarrak eta arau hausteak saihesteko. Administrazioak dauzka tresnak eta gaitasuna arau/zigor bideetatik jokabide okerrak zuzentzeko eta hori da, oraintxe, Iñurritzako Biotopoan dagoen premiarik handiena.