Adiskideak eta antagonistak

Jabi Gonzalez Toston - Gorka Eizagirre 2023ko mai. 12a, 11:30

Espainiako Kritika saria jaso du Jon Benito idazleak duela urtebete kaleratu zuen Lagun minak liburuagatik. Narrazioa eta poesia uztartu ditu lanean.

"Oso estimatuak" izan dira azken bi asteak Jon Benitorentzat (Zarautz, 1981): "Maite nauen jendea nitaz oroitu da eta aurrera eramateko aukera izan dudan eskaintza polita egin didate herrian". Ez da gutxiagorako; izan ere, apirilaren 28an, Kritikaren Espainiako saria jaso zuen iaz argitaratutako Lagun minak liburuagatik, eta joan den asteburuko Literaturia abiatu zuen manifestua idatzi eta irakurtzeko ardura izan zuen. Gainera, egitasmoa Zarautzera ekartzeko prozesuan parte hartu zuen.

Aipatu sari horren harira, euskarazko narratiba sailean jaso du aitortza idazle zarauztarrak, nahiz eta liburuak poesiatik ere asko duen, "tonuan eta gauzak kontatzeko moduan, batez ere". Horren aurrean, Benitok dio ez duela uste narratiba eta lirika bi espazio estanko direnik: "Gure egunerokoan, hitz egiteko moduan edo adierazpideetan, publizitatean... poesiak badu adierazkortasun gaitasuna ez duguna zertan alboratu narratibarantz jotzen dugunean; izan ere, hizkuntza aberastasuna eta espresiorako askatasuna ematen dizkigu. Espresiorako baliabide guztiak erabili nahi nituenez, hainbat unetan izan nuen joera poesiara jotzeko edo baliabide poetikoak erabiltzeko".

Poesiari lotuta, era berean, idazleak "zalantza" egiten du ulertu egin behar ote den. Haren aburuz, "poesiaren indar nagusietakoa da iradokitzeko duen gaitasuna eta horri ateratzen zaion aberastasuna". Hain justu, Lagun minak liburua idaztean Benitoren xedeetako bat iradokitzea eta gauzen konplexutasunari buruz hitz egitea zenez, hitzekin, esaldiak josteko moduekin eta erritmoekin jolasteko "oso aske" sentitu dela dio.

Halaber, "buruhausteak" ere ekarri dizkio hitzon hautaketak; izan ere, kontatu nahi zuenaz gain, "konplexutasun hori nola garatu" pentsatu behar izan du "alferrikako esaldirik gabe". Edonola ere, «gauzei buelta asko eman zalea" da zarauztarra.

Liburua izendatzeko orduan, bestalde, "bi adiera" dituelako gustatu zitzaiola Lagun minak adierazi du Benitok: "Batetik, gertukoenak diren lagunei hala deitzen diegu, baina, bestetik, lagunek sorrarazten diguten minak ere izan daitezke. Bestelako adiera hori ere jaso nahi nuen; izan ere, liburuko narrazio guztietan hitz egiten da urruntzeez eta hausturez. Laguntasunak eta maitasunak minak ere sortzen dizkigu".

Azken horren harira, idazleak nabarmendu du nortasuna ez dagoela aspektu positiboei lotuta soilik: "Nortasuna eraikitzeko antagonistak ere behar ditugu, ezetzak, ukoak...".

Sormen ziklo luzeak

21 urteko tartean argitaratu ditu Benitok bere hiru liburuak. Zentzu horretan, idazleak azaldu du sormenaren prozesu guztiei "beren mimoa" eskaintzearen aldekoa dela: "Iruditzen zait gaur egun esan beharraren sasoian bizi garela eta beti presente egoteko beharra dagoela, bestela gutaz ahaztuko diren beldur garelako. Ni hortik libre sentitzen naiz, eta uste dut sorkuntzaren parte garrantzitsua ere badela isilik geratzea. Horrez gain, ideia bat bururatzen zaizunetik hori garatzen hasten zarenera arteko tartea errespetatu behar da".

Halaber, beste kezka bat ere badu Benitok: "Estilo propioa izatea, baina errepikakorra izan gabe". Horrek ere bultzatzen du bere proiektuak garatzeko behar adina denbora hartzera.

Zentzu horretan, Lagun minak liburuak poesiatik asko duen arren, zarauztarraren lehen narrazio lana da, eta horretaz ere hitz egin du idazleak: "Eleberri bat idazten duzun arte ez zarela benetako idazlea dioen ideia zabalduta dago, eta nire baitan ere bazegoen idazle sentitu nahi hori; idazketan antzeman dut, batez ere. Ez nintzen inspirazio kolpeka aritu; egunero ordenagailu aurrean jartzeko ohitura hartu nuen idazteko".