Seinalea beti egon da bizirik

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 17a, 09:45
Arraio irratiko kide Libe Eizagirre, Unai Agirre eta Maite Aizpurua, Arraio irratiko gela arrosan. (Aritz Mutiozabal)

Arraio irratiak 17 urte egingo ditu larunbatean emititzen hasi zenetik, eta eraikin berrian beteko ditu, Hiruputzun. Bi kontzertu antolatu dituzte urteurrenerako.

"Urteurrena ospatzeko nahikoa lanekin gabiltza, egia esan". Etsipen kutsua darie Arraio irratiko kide Maite Aizpuruari, Libe Eizagirreri eta Unai Agirreri. Zarauzko irrati libreak 17. urteurrena beteko du larunbatean, eta urtero-urtero urtemugaren harira hainbat ekitaldi antolatu ohi ditu. Aurten, ordea, motz geratu dira, egoerak hala baldintzatu duelako. "Arraiokideon artean ez dugu lortu talde indartsu bat sortzea, eta nahiko nekeza izan zaigu datekin ere bat etortzea. Azkenean, antolatzen diren gauzak aurrera eramateko jendea behar izaten da", zehaztu du Aizpuruak.

Joan den asteburuan ospatu nahi zuten urteurrena, baina Kopla Txapelketarako hartuta zegoen Hiruputzu gaztetxea, eta, bestalde, Skasti taldeak bere agurreko kontzertua emateko hitzordua zehaztuta zeukan hilaren 27rako. "Beraz, geratzen ziren datetan arraiokideok ezin genuen, edo kosta egin zaigu gauzak egin ahal izatea", arrazoitu dute. Azkenean, bi kontzertu izango dira urtemugaren barruan gozatu ahal direnak: bata, hilaren 26an, Giranice eta Sofa taldeek eskainiko dutena, eta bestea, hilaren 27an, Skasti taldearen agurrekoa.

Skastikoek, hasiera batean, kalera eraman nahi zuten beren emanaldia, baina ez dute horretarako baimenik lortu. Badaezpada ere, Hiruputzu gaztetxean lekua gordeta zeukaten, eta, azkenean, bat egingo dute Arraioren urtemugarekin. Gainera, sarreratik ateratzen duten dirua irratia laguntzera bideratuko dute. "Egun horretarako jende asko beharko dugu lan egiteko, eta arraiokide asko ere ez gaudenez, txandak egiteko laguntza beharko dugu". Alde horretatik, jendea laguntzeko prest egonez gero, eskertuko luketela azaldu dute; haiekin harremanetan jarri nahi duenak info@arraio.net helbidera idatz dezake.

Zalantza izan dute kontzertuetara soilik mugatu urteurrena, edo bestelako zerbait ere antolatu: aurkezpenen bat, hitzaldiren bat, edo beste aldi batzuetan egin duten bezala, zuzeneko irratsaio bereziren bat. "Oraindik ez dugu ezer baztertu, baina momentuz, bi kontzertuak baino ez ditugu lotuta". Kontzertuak eta maiatzaren 20ko, Arraio irratiaren urteurren eguneko, ohiko afaria izango dira. Hori, ordea, arraiokideen arteko hitzordua izango da, lagunarteko otordua.

Arrosa gela berria

Aurtengo urteurrena berezia izango da, hala ere. Baina ez zenbakiari erreparatuta efemeride borobila delako, baizik eta eraikin berrian ospatuko dutelako lehen aldiz. Arraio irratiko estudioak arrosa kolorekoa izaten jarraitzen du, baina Putzuzulotik Hiruputzura lekualdatu da. "Arraioren ikuspuntutik, hoberako izan da aldaketa. Hiruputzun espazio gehiago dugu, eta azpiegitura txukunagoak ditugu".

Gaztetxeko egokitzapen lanekin batera, irratikoak egiten aritu dira hainbat hilabetetan auzolanean. "Uste dut obrak oso luze joan zirela, eta horrek ere eragina duela urteurreneko prestaketetan. Maiatzean estreinatu dugu Hiruputzu. Orain hasi gara gauzak antolatzen, eta ez genekien seguru maiatzerako gaztetxea erabilgarri izango ote zen", arrazoitu du Aizpuruak.

Arraio irratiko estudioko lanak gaztetxeko oholtza eta barra atondu baino lehen bukatu zituzten, eta horrek irratsaioei ekiteko aukera eman zieten. Putzuzulotik Hiruputzurako jauzian, denbora tarte horretan, Arraiok ez zuen emisiorik eten, "beti egon da seinalea", baina iazko maiatzetik abendura ez zuten irratsaio propiorik egin. "Musika entzun ahal izan da, eta Arrosa Sareko saioak eskaini ditugu".

Gela arrosa berrira itzultzerakoan, lehendik zeuden irratsaio guztiak ahots ozenez mantendu dira bozgorailuetan, eta, gainera, bi saio berri gehitu zaizkie programazioan: Antigoaleko eta Patiyoko Atzuak. Saioen kopuruari dagokionez, indartsu bueltatu dira. "Egia esan, berriro hasteko gogoz geunden".