Bizkaia kaleko biribilgune berria asfaltatuko dute asteburuan

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 19a, 09:30
Bizkaia kaleko biribilgune berriko obrak. (Zarauzko Udala)

Urdaneta eta Bizkaia kaleen arteko bidegurutzea itxi egingo dute lanak aurrera eraman ahal izateko.

Salberdin inguruko urbanizazio lanen barruan, Bizkaia kalea birmoldatzen dihardute hilabeteotan. Aurrera eraman dituzten ekintzen artean, Bizkaia eta Urdaneta kaleak batzen diren eremuan biribilgunea da. Eraikitze obrak oso aurreratuta daude eta amaitutzat emateko asfaltatze eta margotze lanak baino ez dira falta. Astean zehar bertatik igarotzen diren ibilgailu eta autobusen joan-etorria ez oztopatze aldera, asfaltatzea asteburu honetan egitea erabaki du Zarauzko Udalak.

Hori horrela, asteburu honetan Urdaneta eta Bizkaia kaleen arteko bidegurutzea moztuko egongo da. Ondorioz, Alde Zaharrera ibilgailuarekin joan nahi duten herritarrek bestelako bideak erabili beharko dituzte, hala nola, Nafarroa kaletik San Inazio kalea gurutzatuz. Azken Portuko bizilagunek, ohiko moduan, Altzola kaletik sartzeko aukera izaten jarraituko dute.

Biribilguneaz beste, birmoldaketari esker, Bizkaia kalearen kota igo dute eta bertan bi norabideko errepidea ahalbidetuko dute. Era berean, kaleko espaloiak zabaldu dituzte eta bidegorri berria ere gehitu diote, Salberdin auzoko bidegorri sare berriarekin batuko dena.

Bestalde, asfaltatze plana aurrera doa, eta aste honetan Zuberoa kalean gauzatu dituzte lanak. Horiekin bukatu bezain pronto, Pagoeta kalea asfaltatzeari ekingo diote. Udalak ekainean amaitzea aurreikusten ditu herriguneko asfaltatze lanak, ondoren baserri bideen jarraipena emateko uda sasoian.