Azken txanpan sartuta daude santamarinak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 21a, 15:15

Jaiak gaur amaituko dira, baina oraindik parranda giroa eta parrila usaina arnasten da auzoan. Gozatua ari dira hartzen bertaratu diren herritarrek.

Azken eguna dute gaurkoa Santa Marina jaiek, eta behar bezalako amaiera ari zaizkie ematen. Horren erakusle da oraindik ere inguruan dagoen parranda giroa. Hainbat ekitaldi izan dira goiz eta eguerdi partean eta gehiago izango dira arratsaldean.

Kanpai-errepika eta itxaferoekin eman diote hasiera egunari goizean goiz eta ondoren etorri dira Meza Nagusia Santa Marina ermitan, Ihintza txistulari taldearen saioa auzoko kaleetan, Kirkilla jatetxeak eskainitako txokolate jana, trikitilarien kalejira, Arrai Zopa lagun taldearen kantujira, eta Txinpirin eta Zarazte haurren eta gazteen abesbatzen emanaldia. Horrez gain, puzgarriak ere jarri dituzte Santa Marina kalean haurren gozamenerako eta mokadutxoa jateko aukera ere izan dute herritarrek parrilladan.

Arratsalderako, berriz, DJ Arno musika festa antolatu du jai batzordeak 18:30etik aurrera eta YE Mambo Txikis dantzariak ere izango dituzte lagun. Hori amaitutakoan, Santa Marinako boletoen zozketa egingo dute eta Urdaiazpiko apustuaren irabazlea iragarriko da. Festak agurtzeko, azkenik, Sardinaren ehorzketa egingo dute gauean.