Zurekin elkarteak ikastaroa antolatu du udan ostalaritzan lan egin nahi duten herritarrentzat

Onintza Lete Arrieta 2023ko mai. 24a, 13:31
Pintxoak taberna bateko barran.

Zarauzko ostalarien elkarteak jakinarazi du ikastaroa Aiala sukaldaritza eskolarekin elkarlanean emango duela, eta 20 orduko iraupena izango duela. Ekainaren 19tik 23ra emango dituzte eskolak, eta doan izango da Zurekin elkarteko establezimenduren batean lan egingo dutenentzat.

Zurekin ostalari elkarteak ikastaroa antolatu du uda honetan ostalaritzan lan egin nahi duten guztientzat. Hala jakinarazi du prentsa ohar bidez, eta ikastaroari buruzko xehetasunak eman ditu. Esaterako, eskolak ekainaren 19tik 23ra izango direla, goizez, 09:00etatik 13:00etara, eta Aiala sukaldaritza eskolarekin elkarlanean antolatu duela.

Ikastaroan parte har dezakete zarauztar guztiek, eta doakoa izango da udan Zurekin elkarteko establezimenduren batean lan egin behar dutenentzat. Hala, elkarteko kide ez diren negozioak Zurekinekin harremanetan jartzera animatu dituzte, 688 61 44 73 telefono zenbakira deituta.

Ikastaroan zer erakutsiko duten ere azaldu dute antolatzaileek: edariak eta elikagaiak behar bezala zerbitzatzen erakutsiko dute, bai barran, bai mahaian; barran eta jantokian lana antolatzen eta banatzen; bezeroari arreta emateko oinarrizko teknikak; ardoak behar bezala zerbitzatzen eta bezeroei horien berri ematen; ostalaritzako segurtasun, higiene eta ingurumena babesteko oinarrizko arauak; eta kudeaketa administratiboa (fakturak, eskaerak, kobrantzak...). Barrako eta jantokiko praktikak ere egingo dituzte.