Udal eta foru hauteskundeak 2023

Foru bozetan ere, EAJ izan da lehen indarra Zarautzen

Julene Frantzesena 2023ko mai. 29a, 10:23
Foru bozetako Zarauzko emaitzak, grafikoan.

Zehazki, bozen %42,23 eskuratu ditu (4.846 boto) EAJk eta %37,23 EH Bilduk (4.272 boto). Koalizio abertzalea izan da, hain justu, Urola Kostan, Deba-Urola barrutian eta Gipuzkoan boz gehien jaso dituena.

Gipuzkoan bezalatsu, Batzar Nagusietarako hauteskundeetan ere EH Bildu izan da nagusi Deba-Urola barrutian. Urola Kostan ere EH Bilduk jaso ditu boz gehien, baina Zarautzen EAJ izan da nagusi foru bozetan. Zehazki, EAJk botoen %42,23 eskuratu ditu (4.846 boto). EH Bildu izan da bigarren indarra, bozen %37,23 jasota (4.272 boto), eta alde handiarekin, PSE-EE hirugarrena, bozen %9,66 pilatuta (1.108 boto). Bestalde, Elkarrekin Podemosek botoen %4,64 eskuratu ditu (533 boto), PPk botoen %4,2 (482 boto) eta Stopek botoen %0,25 (29 boz).

Urola Kostan, berriz, botoen %45,36 jaso ditu EH Bilduk (16.477 boto), eta bozen %40,05, aldiz, EAJk (14.548 boto). PSE-EEk, berriz, bozen %6,99 eskuratu ditu  (2.437 boz), Elkarrekin-Podemosek %3,37 (1.224 boto), PPk %2,11 (765 boto) eta Stopek %0,46 (166 boto). Ondorioz, eskualdeko herri gehienetan ere EH Bildu izan da indar bozkatuena, baina izan dira salbuespenak ere: EH Bilduk jaso ditu boto gehien Aizarnazabalen, Azpeitian, Errezilen, Getarian, Orion, Zestoan eta Zumaian; EAJk, aldiz, Aian, Azkoitian eta Zarautzen. Beizaman, baina, udal bozetan Aurrena Beizama Bai izan da bozkatuena, eta EH Bildu, berriz, foru hauteskundeetan.