EMAS ziurtagiriaren bandera izango du Zarauzko hondartzak

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 30a, 12:50
Zarauzko hondartza, Desertu Txikia (Zarauzko Udala)

Iazko egitasmoarekin bat eginez, kerik gabeko hondartza izaten jarraitu nahi du. Bide batez, zarauztarrei eta bisitariei "ingurumenaren altxorra" babesteko ahalegina egin dezaten eskatu die udalak.

Zarauzko Udaleko Ingurumen sailak, udaleko beste departamentu batzuekin lankidetzan, hondartzako ingurumen jarduerak koordinatzen ditu ISO 14001 eta EMAS (Eco-Management and Audit Scheme) kudeaketa sistemen bidez, eta, hori horrela,  EMAS ziurtagiriaren bandera jarriko dute denboraldi honetan malekoian.

Iaz, hondartzan ez erretzeko kanpaina zuzendu zuten, eta hautsontzi biodegradagarriak ere banatu zituzten zigarrokinak hondarretan ez botatzeko. Izan ere, zigarrokin bakoitzak 500 litro ur kutsatzen ditu, osasunerako guztiz toxikoak eta arriskutsuak diren gaiekin. Aurten ere, kerik gabeko hondartza izaten jarraitu nahi du.

Zarauzko hondartza aisialdirako, kirolerako eta turismorako baliabidea izateaz gain, "ingurumenaren altxorra" dela eta Eraztun Berde Urdinaren barruan kokatzen dela gogora ekarri du udalak, eta hori babestu egin behar dela. Hala, zarauztarrei eta bisitariei dunan eta biotopoan sartzea guztiz debekatuta dagoela ohartarazteko kartelak jarriko dituzte. 

"Zarauzko hondartza ingurumenaren presio handia jasaten duen hiri-hondartza bat da. Horregatik, bertan ez erretzeko eta zaborrak birziklatzeko edukiontzietara eramateko eskatzen diegu herritarrei", nabarmendu du Ingurumen departamentuak: "Aldundiak egunero garbitzen du hondartza goizean, baina egunean zehar itsasgorak hondarretan geratzen den guztia eramaten du, itsasoa kutsatuta. Aurten, aurreko gauean pilatutako botila, edalontzi eta bestelako hondakinez betetako hondartzaren irudiak ez errepikatzea gustatuko litzaiguke".