Traineru denboraldian parte hartuko duten bi taldeak aurkeztu ditu ZAEk

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko eka. 3a, 14:55

ZAEko traineruek bihar jokatuko dute denboraldiko lehen estropada ofiziala etxean bertan, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko baita Zarautzen. Zarauzko arraunlariek "ilusioz" ekingo diote denboraldiari, "lan ona" egiteko prest.

Zarautz Arraun Elkartearentzat urte berezia da aurtengoa, elkarteak 40 urte bete dituelako. Hala, elkartea "ilusioz eta lanerako gogoz" dago, eta aurtengo traineru denboraldian parte hartuko duten bi taldeak aurkeztu ditu gaur eguerdian Musika Plazan. Lehenik eta behin, aurkezpenean, babesleen laguntza eskertu dute: "Elkartean boluntarioen lana ezinbestekoa da, baina dirurik gabe ezinezkoa litzateke arraunlarien joan-etorriak ordaintzea. Beraz eskerrik asko Gesalaga, Okelan, Zarauzko Udala, Asti pinturak, Borda Ardoak, Salanort, Ja eta Zarautz Serigrafiak. Zuena ezinbesteko laguntza da guretzat", azaldu dute.

Aurtengo denboraldiko taldeei dagokionez, gizonezkoen aurkezpena egin dute lehenengo. ZAEko mutilen talde nagusia KAE 1 Ligan lehiatuko da Asier Puertasen gidaritzapean. Hain zuzen ere, entrenatzaileak azaldu du aurtengo honetan "nahiko justu" ibili direla taldea osatzeko. "Gutxi izateak ahalbidetuko du denok estropadak jokatzea, errotazio gutxi izango da", nabarmendu du. Puertasek aitortu du estropadaren batean bera ere jokatu beharko duela eta horretarako entrenatzen aritu da taldearekin.

Emakumezkoen taldea, berriz, ETE Ligan arituko da arraunean. Aurtengoa taldearen hirugarren denboraldia da, eta denboraldia abiatzeko "ilusioz" daude arraunlariak. Jose Luis Perez eta Juanjo Etxarte entrenatzaileek neguan egindako lana izan dute hizpide jendaurrean. "Iaztik bederatzi baja izan ditugu eta horrek urtean zehar lanketa handia eskatzen du, ahalegin handia egin baitugu taldekide berriei erakusteko eta berriz blokea osatzeko".

ZAEko traineruek bihar jokatuko dute denboraldiko lehen estropada ofiziala etxean bertan, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko baita Zarautzen. Zarauzko arraunlariek "ilusioz" ekingo diote denboraldiari, eta "lan ona" egiteko "prest ea gogoz" dira.