Alex Ostolaza: "Burua ondo erabili dugu gaurko estropadan"

Onintza Lete Arrieta 2023ko eka. 4a, 16:14

Gipuzkoako Traineru Txapelketa gaur eguerdian jokatu da, eta berezia izan da ZAE Zarautz Arraun Elkarteko bi traineruentzat, etxean lehiatzeko aukera izan baitute.

Estropada berezia jokatu dute ZAE Zarautz Arraun Elkarteko bi traineruek gaur eguerdian, etxean egokitu baita Gipuzkoako Traineru Txapelketako lehia. "Ilusioarekin" uretaratu direla kontatu dio HITZAri Alex Ostolaza arraunlariak. Gogotik egin dute lan bai mutilek, bai neskek, eta bi taldeak zortzigarren sailkatu dira.

Izan ere, banderak ez ezik, Euskadiko Txapelketarako txartelak zeuden jokoan, eta lehia estua izan da gizonezkoetan zein emakumezkoetan. Bietan, hiru segundoz azpitik sailkatu dira aurreneko bi traineruak: gizonezkoetan Hondarribia eta Donostiarra, eta emakumezkoetan Donostiarra eta Orio. Banderak Hondarribiak eta Donostiarrak eraman dituzte azkenean.

Ostolazak iritzi dio "nahikoa estropada ona" egin duela gizonezkoen traineruak; "etxean izanda, ilusio eta gose handiarekin atera gara, eta burua ondo erabili dugu estropadan". Zumaiarekin aritu da lehian azken luzean, eta erabaki onak hartze horrek bentaja eman diela azaldu du: "Momentu batean zumaiarren aurretik ibili gara, beste une batzuetan atzetik, baina asmatu egin dugu, buruarekin ibili gara, eta helmugara haien aurretik sartu ahal izan dugu". Hala, "egindako estropadarekin oso gustura" gelditu da ZAEko arraunlaria.

Denboraldiari begira, berriz, zuhur mintzatu da: "Liga hasi aurretik inoiz ez dago jakiterik zer gertatuko den, baina ikusita aurkariekin nola gauden, liga polita izango dugula uste dut, eta emaitza onak lortzeko aukera dugula".