Artista bilakatu den futbolaria

Jabi Gonzalez Toston - Maialen Etxaniz - Usua Garin 2023ko eka. 7a, 12:00

Zelai erditik margora egin du jauzi Marina Agouesek. Eliteko kirola nahi baino lehenago utzi ondoren, pinturan aurkitu du babeslekua, eta orain, bere lehen erakusketa zabaldu du, etxean.

Futbolari profesional gisa egindako ibilbideagatik ezagunagoa den arren, artista ere bada Marina Agoues (Zarautz, 1992). Tatuajeak eta koadroak margotzen ditu. Bada, azken alderdi horri lotuta, erakusketa zabaldu berri du Lukas ardotegian bere lanak erakusteko. Ekainaren 16ra artean izango dira ikusgai, hasiera batean.

Agouesek aurrez ere erakutsi ditu bere margolanak jendaurrean, baina lehenengo aldia du jaioterrian, eta Lukas ardotegia berezia ere bada zentzu horretan, izan ere, "etxeko enpresa" du. Hala, artista bilakatutako futbolari ohiak azaldu du Lukas tabernako arduraduna izan zela proposamena egin ziona: "Hilabetero artistaren baten lanak erakusten dituztenez eta ni ere mundu horretan nabilela bazekienez, galdetu zidan ea nire lanak eramango nituen. Erantzun nion agian egingo nuela eta, azkenean, animatu egin naiz. Uste dut herriko jendeari nire lanak erakusteko modu aproposa izan daitekeela". Behin bidea hasita, jarraipena emateko asmoa duela ere adierazi du. Gainera, margolariak dioenez, erakusketak "harrera ona" izan duela dirudi, eta luzatu egingo dute haren epea.

Dena den, aitortu du bere lanak Zarautzen erakusteak "lotsa" ere eragiten ziola, hasiera batean: "Futbolarekin izan dudan loturagatik ezagutzen naute herrian, eta bat-batean nik egindako koadroekin agertzeak...". Agouesek dio, aldi berean, "lotsarik ez duen pertsona" dela, eta lehenago ere, ekitaldi txikietan bere lanak erakutsi izan dituenez eta erantzuna "beti ona" izan denez, pausoa ematera ausartu zela. Halaber, adierazi du momentu "aproposa" ere badela, denbora duelako orain.

"Abstraktuak" dira Agouesen margolanak. "Hasieratik" izan zuen garbi estilo hori landuko zuela, "ideia abstraktuak norberak interpretatu behar dituelako". Nolanahi ere, elkarren artean oso desberdinak ere badira zarauztarraren artelanak; izan ere, oso koloretsuak nahiz zuri-beltzean margotutakoak ditu. Horren harira, margolariak dio bere ibilbideko etapen isla ere badela hori: "Hasi nintzenean zuri-beltzean margotzen nuen, eta orain beste bide bat hartu dut, koloretsuagoa".

Italia abiapuntua

Agouesek Italian erakutsi ditu bere margolanak jendaurrean, orain arte. Hain justu, bere ibilbide artistikoa hasi zuen herrialdean; izan ere, bertako futbol talde bateko jokalaria zela margotu zuen bere lehenengo koadroa: La Nascita. Futbolari ohiak azaldu duenez, izen horrek "sorrera" esan nahi du euskaraz, eta koadro harekin hasi zen dena. "Haren atzean dagoen istorio guztia nik bakarrik ezagutzen dut, nahiz eta batek baino gehiagok esan dezakeen berak ere egingo zukeela, lau brotxakada iruditu zaizkiolako". Harentzat lan berezia denez gero, salgai jarri ez duen margolan bakarra da.

Margolanetan mezuak italieraz idazteko ohitura ere badu Agouesek. Horren harira, artistak dio "etxea" duela Italia: "Zarauztarra naiz, eta hala sentitzen naiz, baina Italia ere barruan dut. 2014an joan nintzen hara futbolean jokatzera, eta hango jendeak, lekuak eta hizkuntzak hainbeste bete ninduten, pentsatu nuen gustura hilko nintzatekeela han. Futbola dela-eta Zarautzera itzuli behar izan nuen, baina penarekin egin nuen. Horregatik, ahal dudan guztietan ihesalditxoa egiten dut hara. Gainera, egin nituen lagunak oso gertukoak ditut oraindik". 

Futboletik artera egindako jauziari lotuta, margolari zarauztarrak txantxa egiten du: "Ingurukoek beti esan didate artista jaiotzetik naizela ni. Hala ere, betidanik izan dut jakin-min handia, eta Italian nengoela, entrenamenduen aurretik eta ondoren nituen denbora tarteak baliatzen nituen hori asetzeko. Orduan hasi nintzen berriro bozetoak margotzen, eta lagunek galdetzen zidaten ea zergatik ez nuen margoa lanbidetzat hartzen. Nire nahia futbolean jokatzea zela eta ikusiko nuela gero erantzuten nien. Artean zaletasuna zen pintura niretzat, eta uste nuen beste hamar urtez jokatuko nuela futbolean".

Artea babesleku

Agouesek badu arantza bat futbolarekin: belaunean izandako lesio larriak behartu zuen erretiroa nahi baino lehenago hartzera. Horren isla ere bada, futbola utzi berritan margotu zuen lehen koadroa: koloretsua da, eta ingelesezko hope hitza irakur daiteke erdialdean –itxaropena euskaraz–. Halaber, "urte oso zailak" igaro dituela aitortu du margolariak, eta arte munduan aurkitu zuela "babesa".

Nolanahi ere, artearekiko lotura lehendik datorkio; izan ere, Batxilergo artistikoa egin zuen, eta Arte Ederren gradua ikasteko asmoa ere bazuen. Dioenez, azken horrekin ere badu "arantzatxoa", eta ez du baztertzen noizbait horri heltzea, "inoiz ez baita berandu". Oraingoz, ordea, bestelako proiektuak ditu eskuartean. Horien artean, Lukas ardotegian egun duen erakusketa eta jada hitzartu dituen beste bi: bata, Donostian, eta, bestea, Milanen (Italia).