Zarauzko Triatloia jokatuko dute etzi, "herritarren berotasunarekin"

Aritz Mutiozabal - Andrea Zipitria - Gorka Eizagirre 2023ko eka. 8a, 09:30

Proba 14:00etan abiatuko da Getariako hondartzatik, eta iazko ibilbideari eutsi diote. 750 triatletak parte hartuko dute, eta trafikoan eragina izango du probak.

"Munduko mapan jartzen gaituen kirol hitzordua da". Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzi Leire Aranak halaxe definitu du Zarauzko Triatloia, 35. edizioaren aurkezpen ekitaldian. Larunbatean jokatuko da, eta, urtero bezala, herri guztiak dena emango du hitzordu klasikoa gogoangarria izan dadin beste behin.

Probak "hiru ardatz nagusi" dituela aditzera eman dute Zarauzko Triatloi Elkarteko presidente Danel Larrañagak eta batzordekide Alberto Agirrek: boluntarioak, zaletuak eta babesleak. "Gu biok triatloi elkarteko ordezkari gisa gatoz, baina atzetik ia 150 kidez osatutako taldea dugu. Horrez gain, probarako beste berrehun boluntario inguru batuko zaizkigu". 

Horrekin batera, Zarauzko Triatloiak duen beste bereizgarrietako bat herrian sortzen den aparteko giroa da, hasieratik bukaeraraino, garaileak txapeldun bihurtzera doazen unetik azken parte hartzailea helmugaratzen den arte. Zalantzarik gabe, "herritarren berotasuna" nabarmena da. Bestalde, ez dituzte ahaztu nahi izan babesleak: "Gainera, etxe jakin batzuen aldetik interes berezia egon da aurten, beraz, oso eskertuta gaude".


Aurten, aurre inskripzioa  

Aurten, berrikuntza gisa, aurre inskripzioa zabaldu zuten, hiru euroko kostuarekin, batik bat lan administratiboak aurreratze aldera. "Izan ere, aurreko edizioetan ikusten genuen jende ugarik ematen zuela izena, parte hartzeko benetako interesa zuten ala ez jakin gabe. Zozketa egin ondoren izena emateko aukera ematen zitzaien, eta orduan ikusten genuen portzentajea jaitsi egiten zela. Horrek egundoko lan karga ematen zigunez, tarifa sinboliko bat jarri genuen, eta gero, hainbat produktu zozkatu ditugu trukean". Orotara, 750 parte hartzaile izango ditu probak; horietatik %60 inguru Euskal Herritik kanpokoak izango dira, eta %8,5 emakumeak.

Parte hartzaile nabarmenen artean, Helene Alberdi zumaiarra da faborito nagusia emakumezkoetan, iazko txapela defendatzera bertaratuko dena, eta harekin batera, lehen lerroan ariko dira lehian Sara Perez eta Ana Nogera. Horiez gain, agian koska bat beherago, Ioana Osa, Chloe Nicolas eta Emilie Morier izango dira.

Gizonezkoetan, bi legenda biziren presentzia izango du Zarauzko Triatloiak: Sebastian Kienle eta Eneko Llanos; biek azken denboraldia dute goi mailan, eta herrian lehian aritzea opari ederra izango da zaletuentzat. Era berean, kontuan hartu beharko dira Kevin Tarek, Carlos Oliver, Pello Osoro, Peru Alfaro eta Gonzalo Fuentes, besteak beste. 

Bestalde, Larrañagak aurkezpen ekitaldia baliatu du abenduan zendutako Juan Treku – Zarauzko Triatloiaren sortzaileetako bat, Jesus Agouesekin eta Jose Mari Gibelalderekin –gogora ekartzeko eta egin zuen lan guztia eskertzeko. 


Iazko ibilbide bera

Oro har, iazko ibilbide bera izango du triatloiak. 14:00etan hasiko da proba Getariako Malkorbe hondartzatik; aurrena emakumeak, eta hamar minutu geroago, gizonak abiatuko dira. Gainditu beharreko erronka ez da nolanahikoa izango: Getaria eta Zarautz arteko 2,9 kilometroko zeharkaldia igerian, 80 kilometroko ibilbidea bizikletaz eta 20 kilometroko korrikaldia herrian barrena. 

Iaz, txirrindularitzako zirkuituan egon zen aldaketa, eta "San Blasko infernua" txertatu zuten ibilbidean, Zarauzko erdigunea eta Elkano auzoa lotzen dituen 2,5 kilometroko igoera malkartsua; tarte batzuetan % 20tik gorako aldapa duena, alegia. Herrigunetik hurbilago izanda, bertaratzeko aukera gehiago izan zuten zaleek, eta iaz sortu zen giroa errepikatzea gustatuko litzaieke antolatzaileei.

Korrikako ibilbideari dagokionez, aldaketa txiki batzuk egin dituzte Iñurritzan eraikitzen ari diren etxebizitzak direla medio. "Horrek behartzen gaitu, nolabait, Iñurritzako parkera sartzera lasterkariak, gasolindegien arteko bira egin beharrean", azaldu du Agirrek. Malekoia, Kale Nagusia eta erdiguneko zirkuitu guztia bere horretan mantenduko dituzte.

Probak eragina izango du larunbateko trafikoan eta garraio publikoan. Hala, N-634 errepidea itxita egongo da Zumaia-Zarautz norabidean, 14:00etatik 18:30era artean. Meagako errepidea ere itxi egingo dute tarte berean, bai Elizaurre kaletik, bai Bizkaia-Foruen biribilgunetik. Gipuzkoa eta Lapurdi kaleak ere moztu egingo dituzte, Kasino kaletik San Frantzisko kaleraino, 16:30etik 20:00etara.